
- Itelazpik laguntza emango du, Emakundek, Bai Sareak eta Nazio Batuek abian jarritako kanpainak zabalduz.
- Halaber, efemeridea ospatzeko, emakume erreferentei buruzko erakusketa Unamunoko Metro Bilbaoko geltokira eramango da.
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da, Berdintasunaren arloko efemeride nagusietako bat. Itelazpi, urtez urte egun honetan erakusten duen konpromisoari leial, Emakundek hasitako “Emakumeak Gora!” kanpainari atxiki zaio eta honen zabalkundearen bidez bere babesa adierazten du. Erakunde publikoak, kanpaina honen bidez, erabaki- eta lidergo-postuetan emakumearen presentzia aldarrikatzen du. Era berean, Itelazpik jasota utzi nahi du Bai Sareak, Berdintasunaren aldeko erakunde publiko-pribatuen sareak, antolatutako kanpainarekin bat ere egin duela. Itelazpik modu aktiboan parte hartzen du sarea sortu zenetik. Aurten, erakundeen sareak ideia honetan jarri du arreta: berdintasuna lantzeak merezi duela, eta, gainera, beste leku batzuetatik ere egin daitekeela, hala nola ongizatetik, plazeratik, jolasetik edo umoretik. Azkenik, nazioartean, Itelazpik Nazio Batuen kanpainaren berri eman du, aurten mundu digital inklusiboa garatzea ahalbidetuko duten teknologietan eta berrikuntzan arreta jarri duena.
Egun hau ospatzeko, gainera, Itelazpik zientzia eta teknologian erreferente diren euskal emakumeen erakusketa Unamunoko Metro Bilbaoko geltokira eraman du (ikusi hemen erakusketa). Erakusketa hiru hilabetez dago planifikatuta, eta horietako bakoitzean urteko lehen zatian dauden efemeride nagusietako hiru ospatuko dira. Otsailaren 10ean erakusketa inauguratu zen Abandoko geltokian, Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta. Apirilean, erakusketa Moyuako geltokira joango da, eta Nazioarteko IKTen Erabilpenaren Nesken Eguna gogoratzeko balioko du.
