2013 aurretik Europar Batasuneko herrialde guztietan banda zabalaren hedapena % 100ekoa izateko helburuarekin, Europako telekomunikazio ministroek neurri zehatzak hartzearen alde azaldu dira. Helburu hori “merkatuan oinarritutako eta posible den kasu guztietan lehia bermatzen duten” mekanismoekin egitearen aldeko dira.
Europako herritar guztiek “gizarte elektronikoan” partehartzea izateko eta partehartze hori gero eta handiagoa izateko Interneterako banda zabaleko sarbidea izateak duen garrantzia azpimarratu du Ministro Kontseiluak. 2010eko lehen seihilekoan, EBren lehendakaritzan Espainia izango den garaian, martxan jarri behar den 2010-2015 agenda digital europar berriaren helburuetako bat da partehartze hori.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorreko politika europarrentzako marko estrategiko berri honek aurten bukatuko den “i2010” estrategia ordezkatuko du.
“Gure helburu nagusia lan hau bukatzea eta i2010 planari jarraipena emango dion estrategia eta ekintza plan berria onartzea izango da”, azpimarratu zuen Miguel Sebastián Espainiako Industria ministroak Bruselan Telekomunikazio arduradun europarren bilera ireki zuen eztabaidan.
Ministroek nabarmendu dituzten lehentasunetako bat, hauxe: hurrengo belaunaldiko sareetan inbertsioo eta lehia iraunkorrak sustatzeko betekizunek ekarriko dituzten arazoei aurre egin beharra, azpiegitura, finantzazio publikoa eta neurri arautzaileak (lehiakortasuna benetakoa ez den lekuetan) barne.
“Interneten izaera ireki, deszentralizatu eta dinamikoa” suspertzearen eta Sarearen neutraltasunaren inguruko eztabaida sortzearen alde ere azaldu dira.
Erabiltzaileek Interneten gero eta eduki gehiago sartzen dituztenez, etorkizuneko politikek aniztasunari, demokraziari eta ezagutzaren bateratze-lanari mesede egin behar diotela deritzote ministroek.
Pribatutasunaren eta datuen babesaren inguruko kontuetan, sareko zerbitzuetara sartzen diren erabiltzaileen eskubideak babestearen eta zaintzearen alde daude. Bestalde, Interneten adierazpen askatasunaren edozein murrizketak nazioarteko giza eskubideen eta herrialdeetako legeak errespetatu behar dituztela deritzote.