Telebistak zaharkituta geratuko dira aurrerantzean ere oso denbora gutxian. Lehenengo HD Ready (1080i) izan zen telebista aparatuak zahar utzi zituena, ondoren Full HD (1080p), sarbideen eboluzioa (osagarriak, HDMI…) edo ordainpeko edukiak ikusi ahal izateko PCMCIA zirrikitua. Orain 3Da da poltsiko asko hustuko dituen teknologia berria. Aurki etorriko dira 3D Ready telebistak, eta ostean ikusmen estereoskopikoaren (3 dimentsiotan ikustea ahalbidetzen digu) zenbait teknologia ezberdin erabiliko dituzte.
15 edo 20 urte barru telebistek hiru dimentsiotan erreproduzitu ahal izango dituzte beren edukiak “ia modu perfektuan gizakiaren ikusmenaren kalitatean”, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak (UIT) ezarritako helburuen arabera. Barneko telekomunikazioak arautzeaz arduratzen den Nazio Batuen batzordea da UIT.
Horrela, UITren irrati-komunikazioen alorreko komisioak ateratako azken txostenaren aurreikuspenen arabera, 15 edo 20 urte igaro aurretik, Avatar bezalako filmetan erabilitako hiru dimentsiotako teknologia baino hobea duten hiru telebista belaunaldi jarriko dira jarraian salgai merkatuan.
Merkatuan agertuko diren lehen telebistak UITk “plano estereoskopikoak” deitutakoak izango dira. Aparailu hauek aldibereko bi ikuspuntu eskainiko dituzte eta 3Dko zinema ikusteko erabiltzen diren betaurrekoen antzerakoen bidez ikusiko dira. 3Dko lehen telebista hauek ez bezala, bigarren belaunaldiak aldibereko hainbat ikuspuntu eskainiko ditu, burua mugitzen dugunean gertatzen den bezala ikuspuntu ezberdinak izateko.
Generazio honen ostean, 15 edo 20 urte barru, hirugarren telebista belaunaldi bat azalduko da. Horren ezaugarri nagusia izango da argi-uhinen anplitudea, frekuentzia eta fasea erregistratzeko gai izango dela. UITk bere webgunean azaltzen duenez, “sistemok hain dira adimendunak, ezen gure begiek eta garunek mundu bisuala jasotzeko erabiltzen duten modua erabat erreproduzitzeko gai direla”.