Banda Zabalaren Munduko Foroan, Parisen, Europan laugarren belaunaldiko sareak izaten ari diren zabalkundearen gaineko datuak eman dituzte. Horien arabera, 4G sareak AEBetan eta Asiako herri batzuetan baino motelago zabaltzen ari dira Europan.
Teknologia berrien alorrean izandako aurrerakuntzak eta, batez ere, smartphoneak eta tabletak gero eta gehiago erabiltzeak mugikorren sareetan informazio-trafikoa izugarri haztea eragin dute. 4G sareak dira horrelako informazioa zabaltzeko egokienak, baina sare horiek Europan ez dira oraindik erabat hedatu. Hori dela eta, operadoreek beste teknologia batzuekin erantzuten ari dira sareak erabiltzeko premia horri. Besteak beste, trafikoa dagoeneko ezarrita dauden hari gabeko sareetara birbideratzen dute. Konexioen erritmoari eustea da neurri horien helburua.
Alemanian, Norvegian edo Suedian hasi dira jada 4G sareak ezartzen. Beste herri batzuetan, baina, LTE (Long Term Evolution) teknologiak ez dira 2013 urtera arte ezarriko eskala handian. Espainian, Italian, Frantzian eta Erresuma Batuan, adibidez, orain ari dira enkantean ateratzen lizentzia horiek. Hori guztia dela eta, horrelako sareak Ameriketako Estatu Batuetan eta Asiako zenbait herrialdetan baino motelago ari dira hedatzen Europan.
Europako kasuan, gainera, mugikorrentzako sareen hirugarren belaunaldia era trinkoan eraiki zuten. Hori dela eta, sare horiek AEBetakoak baino azkarragoak dira eta zerbitzu hobea eskaintzen dute. Ondorioz, AEBetako enpresek 4G sareak ezarri behar izan dituzte urgentziaz, hirugarren belaunaldiko sareen bidez ezin izan baitute zerbitzua modu egokian eskaini.
Europako operadoreek sare berriak apurka-apurka sartzea aurreikusi dute, eta lehenik eta behin, informazio trafiko handiena dagoen lekuetan ezarriko dute.