Joan den martxoaren 10ean seinale analogikoa bidaltzen duten azken errepikagailuak itzaltzen hasi ziren. Izan ere, egun horretan ekingo zioten Lurreko Telebista Digitalaren Planaren hirugarren eta azken faseari. Aldaketak 30 milioi pertsona baino gehiagori eragingo die.
Espainiako Gobernuaren aurreikuspena martxoaren 10etik apirilaren 2ra arte seinale analogikoarekin hiru fasetan bukatzea da: martxoaren 17tik 29ra, 17 proiektutako 11 milioi biztanleek seinale analogikoa ikusteari utziko diote; beste bi azpi-faseak martxoaren 30an eta apirilaren 2aan izango dira. Orduan, azken sei proiektuak itzaliko dira eta 3,8 milioi pertsonei eragingo die.
Hirugarren fase honek udalerri handienei eragingo die da eta horien artean dira Bilbo, Madril, Bartzelona eta Sevilla, besteak beste; martxoaren 30ean izango dute hiriok itzalaldia. Egun horretan, biztanleriari dagokionez, azken fasearen itzalaldirik handiena gertatuko da eta Torrespaña (Madril) bezalako zentro handiak analogikoan emititzeari utziko diote betirako.
Donostiaren kasuan, Jaizkibeleko errepikagailuak 25ean etengo ditu emisio analogikoak. Hala ere, hilaren 23an EAEn oraindik ere analogikoan funtzionatzen duten zentroek Retevisionen seinalea jasotzeari utziko diote, eta, beraz, kate estatalak emititzeari utziko diote.
Beraz, bere telebista LTDrako moldatu ez dutenek eta oraindik ere telebista analogikoa ikusten dutenek, martxoaren 23tik aurrera ETB bakarrik ikusi ahalko dute.
Itzalaldi analogikoaren azken fasea izaten ari garen honetan, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak herritarrei LTDrako trantsizio proiektuaren inguruko informazioa ematen jarraitzen du; autobusen, informazio puntuen eta unitate mugikorren bidez ari dira herritarrei aldaketen xehetasunak jakinarazten.