Ministroak Kontseiluak espektro erradioelektrikoaren inguruko Errege Dekretua onartu du.Dekretu horren bidez arautuko da espektroaren berrantolaketa eta 310 megahertzio lizitatzeko balioko du. Gobernuak espero du prozesua abuztua baino lehen egitea eta horren bidez 2.000 milioi euro jasotzea.
Ministroen Kontseiluak sakelakoen frekuentzien berrantolaketa arautuko duen Errege Dekretua onartu du. Aurreikuspenen arabera, 310 megahertzioen eskaintza-prozesua abuztua baino lehen amaituko da eta prozesuan telekomunikazio konpainien esku utziko da aske dagoen espektroa. Gobernutik adierazi dutenez, eskaintza honen helburua da “espektroaren erabilpena modu malgu, eraginkor eta neutral batez optimizatzea komunikazioaren gizartea hobetu ahal izateko”. Honi guztiari esker 2.000 milioi euro jasotzea espero du Gobernuak.
Espainian lehenbizikoz, espektroaren enkantea egingo da eta operatzaileen esku jarriko dira orain arte telebista analogikoek erabili dituzten frekuentziak eta hemendik aurrera sakelakoei zuzenduko zaizkienak. Horrela, orain arte GSMak erabiltzen zuen 900 MHZko banda, banda zabalerako erabiltzen hasiko da.
Eskaintza-prozesu hau orain arte Espainian egon den garrantzitsuena da. Mistoa izango da prozesua eta %90 enkantearen bidez egingo da eta %10 lehiaketaren bidez. Gobernuak 2.000 milioi euro jasotzea espero du eta diru horren zati bat espektroaren berrantolaketara zuzenduko da. Beste zati bat, berriz, Lurreko Telebista Digitalaren trantsitzio-prozesura zuzenduko da. Honek guztiak sektorean inbertsio gehiago egitea eta epe laburrean lanpostu berriak sorraraztea espero da.
Errege Dekretuan jasotzen denaren arabera, operatzaileek espektroaren zati bat Administrazioari itzuli beharko diote. Era berean, espektroa hartzeko muga ezarriko da, eta zenbait operatzaileek, espektro gehien dutenek hain zuzen ere, ezingo dute lizitazio jakin batzuetara aurkeztu. Neurri hauen guztien helburua da operadoreen arteko lehiakortasuna bultzatzea.