Europar Batasunak Agenda Digitalaren ezarpenean aurrera egiteko asmoa du eta banda zabalaren zabalkundean parte-hartze handiagoa eskatu du. Besteak beste, operadoreei eskatu die abiadura handiko Interneten inbertsioak egiteko eta Espainiari exijitu dio garapenean aurrera egiteko. Espainiako Gobernua eskatutako helburuak betetzeko beharrezkoak diren pausoak ematen hasi da.
Neeli Kroes Europako Agenda Digitalaren arduraduna sektore pribatuak banda zabaleko belaunaldi berrian egin beharreko inbertsioa aztertzen ari da. Kroesek bilera izan du Europako operadoreekin, Espainiako Telefonica horien artean, parte hartzaile guztien artean estrategia bateratua prestatzeko. Bilera horretan Kroesek eskatu du guztiek elkarrekin lan egitea “ikuspegi integral” bat egiteko eta sistemaren ezarpena azkartu ahal izateko modurik egokienak eta eraginkorrenak bilatzeko.
Ildo horretan, Europak Espainiari exijitu dio satelite bidezko sakelakoen zerbitzuak zabaltzeko beharrezkoak diren legezko xedapenak hartzea. Zerbitzu horiei esker, abiadura handiko Internet zerbitzua Espainia osoan zabaldu ahal izango da, baita urruneko inguruetan eta nekazal-guneetan ere. Europaren aburuz, ezinbestekoa da lege-moldaketa hori ahalik eta azkarren egitea, operadoreek zerbitzuak 2011ko maiatzetik aurrera eskaini ahal izateko.
Espainia ez da araudia moldatu ez duen herrialde bakarra. Egoera berdinean daude ondorengoak ere: Alemania, Belgika, Bulgaria, Txekiar Errepublika, Zipre, Eslovakia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Holanda, Polonia, Portugal eta Erresuma Batua.
Europako Agenda Digitalaren eta dibidendu digitalaren helburuak betetzeko asmoz, Espainiako Gobernua aurrerapausoak ematen ari da. Gobernua prestatzen ari den Errege Dekretuak lizitazio prozesuan bete beharreko neurriak jasoko ditu. Horren arabera, 2020ko urtarrilaren 1a baino lehen, %90eko estaldura lortu beharko da 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan eta 30 megabiteko edo gehiagoko abiadura eskaini beharko du. Neurria beteko balitz, herritarren %98ko estaldura ziurtatuko litzateke.
Neurri horri esker, Espainiak Europako Agenda Digitalaren helburuak beteko lituzke, hala nola, 2020a baino lehenago segundoko 30 megabiteko abiadura eskainiko duen banda zabala ezartzea.