
Teknologia horren inguruko azterlanak espektro irrati-elektrikoaren erabilera eraginkorragoa, kontsumo energetiko baxuagoa eta kostuen murrizketa ahalbidetuko ditu. Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Master Amaierako Lan onenaren saria lortu du eta, atzo goizean, Itelazpiren zuzendari nagusia den Matxalen Lauzirikak eta eskolako zuzendaria den Enrique Amezuak eman zioten saria.
Álvaro Gabilondo gazteak Bilboko Ingeniaritza Eskolako Telekomunikazioko Ingeniaritza Masterra egin du eta Master Amaierako Lanentzako Itelazpi Sariaren irabazlea izan da. Saritutako lanaren ardatza da telebista digitalerako transmisio-teknologia berri bat, WiB izenekoa; hala, horren abantaila nagusiak dira hauek: espektro irrati-elektrikoaren erabilera eraginkorragoa, kontsumo energetiko baxuagoa eta kostuen murrizketa operadoreentzat.
Saria emateko ekitaldia atzo goizean ospatu zen Bilboko Ingeniaritza Eskolako Konferentzia-aretoan eta ekitaldi horretan egon ziren, bai eskolako zuzendaria, Enrique Amezua, bai Itelazpiko zuzendari nagusia, Matxalen Lauzirika. Gabilondok bere ikerketaren aurkezpenarekin sari honen zazpigarren edizioa irabazi du, 1.500 euro esleituta dituena, hain zuzen ere.
“LTDren plangintza-azterlana WiB sistema erabiliz” tituluarekin, Álvaro Gabilondok irrati-difusioko sistema baten plangintza aztertu du telebista digitalerako, WiB teknologiaren zenbait ezaugarri aplikatuz. Sistema berritzaile honek seinalea banda-zabalera eta eraginkortasun handiagoarekin igortzea ahalbidetuko luke, operazio- eta azpiegitura-kostuak nabarmen murriztuz, zehazki, transmisoreetan potentzia-kontsumoa murriztuko zelako eta eraginkortasun energetikoa handituko zelako. Azterlan horrez gain, froga bat burutu da kasu praktiko baten bidez; horretan, egungo telebista digitalaren estandarraren azkenengo bertsioaren eta WiB sistemaren arteko aldea aztertu egin da, Euskal Autonomia Erkidegoko datu estatistiko errealak hartuz abiapuntutzat.

Itelazpi saria enpresak gizartearekiko duen konpromiso irmoaren barruan sartzen da, kasu honetan, arreta jarriz irakaskuntzaren eremuan. Izan ere, sariaz gain, bestelako jarduera batzuk burutzen ditu Itelazpik, ezagutzak hedatzera eta ikasleengan telekomunikazioen sektorearekiko interesa sustatzera bideratutakoak.


