Antenistak lanez gainezka daude egunotan, estatuko toki gehienak telebistaren emisio analogikoei agur esaten ari baitira. Miguel Angel Garcia Arguelles Telekomunikazio Instalatzaileen Federazio Nazionaleko (Fenitel) zuzendariak emandako datuak dira.
Garcia Arguellesek dio antenistak lan eskaera handia izaten ari direla egunotan. Halaber, antenak egokitzeko erritmo honi eutsiz gero, Fenitelek ez du inon itogune handirik sortzea espero.
Eguraldi txarra lanak eragozten ari da zenbait autonomia-erkidegotako zenbait eraikuntzatan eta etxebizitzatan, baina, oro har, antenen egokitzapenean gerta daitezkeen atzerapenak ez dira garrantzitsuak izango, izan ere, Fenitelen hitzetan, “herritarren gehiengoa trantsizioa azken ordurako uzteak dakarren arriskuaz jabetu da”.
Impulsa TDT Behatokiaren azken datuen arabera, LTDari lotutako emisioak eta zerbitzuak era egokian jaso ahal izateko egin beharreko antenen egokitzapena dagoeneko egin duten etxebizitzen kopurua % 93 baino handiagoa zen otsailean.
Joan den martxoaren 10etik apirilaren 2ra arte 30 bat milioi erabiltzailek utziko diote telebista analogikoa ikusteari, eta dagoeneko itzalaldia izan zuten 15 miloi erabiltzaileek bezala, LTDa besterik ezingo dute ikusi.
Fenitel beldur da, Administrazioei hainbat kexu jakinarazi badizkio ere, instalatzaile piraten legez kanpoko konpetentzia izango dutela trantsizio prozesuaren amaierara arte.
Horren harian, kontratatzen dituzten enpresak telekomunikazio erregistroetan izena emanda daudela ziurtatzeko gomendatzen die Telekomunikazio Instalatzaileen Federazio Nazionalak auzo-komunitateei, instalazio akats posibleak ekiditeko.
Eusko Jaurlaritzako Kontsumo zuzendaritzak ere herritarrei duela gutxi gomendatu zien itzalaldi analogikoa jazo aurretik seinalea jaso ahal izateko egin beharreko moldaketa guztiak baimendutako enpresa instalatzaileekin egiteko.