Lurreko telebista digitalaren ezarpen-prozesuan autonomia erkidegoek parte hartu ahal izatea eskatu dio Nafarroako Gobernuak Estatuari. Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari egindako eskaeran espektro erradioelektrikoaren berrantolaketan parte hartzea ere eskatu du.
Nafarroako LTDaren Foroak gaur egun lurreko telebista digitalak bizi duen egoera aztertu du. Egoeraz gain, espektro erradioelektrikoaren berrantolaketarako egiten ari diren prozesua ere aztertu du. Gai horri dagokionez, foru-exekutiboak Espainiako gobernuaren jarrera kritikatu du. Exekutiboaren aburuz, Industria Ministerioak informazio urria eman du joan den martxoaren 1ean LTDan egin zen moldaketaz. Horren ondorioz, hainbat telebista-kanal berriz ere sintonizatu behar izan ziren.
Zentzu horretan, jakinarazi du Ministerioa ez dela autonomi erkidegoetara zuzendu sistema modu bateratuan ezarri ahal izateko. Informazio falta horrek, gainera, arlo teknikoan ere eragina izan du, oraindik ez baitira jaso antolaketa berri honen inguruan ezarpena modu egokian egin ahal izateko pausoak. Hori dela eta, autonomia erkidegoen inplikazioa handiagoa izatea eskatu du, elkarrekin lan egiteko eta herritarrengan ahalik eta kalte gutxien eragiteko.
LTDaren Foroa Nafarroako ikus-entzunezkoen kontseiluaren eta Nafarroako gobernuaren ekimena da eta LTDaren zabalkundea eta ezarpena modu egokian egitea du helburu. Telekomunikazioen arloko hainbat talde publikok eta pribatuk osatzen dute foro hori.
Nafarroa izan zen lurreko telebista digitalaren ezarpena egin zuen lehen autonomia erkidegoa. 2009ko abenduan izan zen hori.