Ericsson telekomunikazio konpainiak egin duen ikerketak jasotzen duenez, banda zabal mugikorraren hazkundea geldiezina da. Suediako enpresak dioenez, 2011an aurreko urtean banda zabal mugikorrak izandako erabiltzaile kopurua bikoiztu egingo da eta 1.000 milioi erabiltzailera helduko da.
Azkenaldian kaleratu diren gailu teknologikoek, hala nola telefono adimentsu edo smartphoneak, sarera konektatutako portatilek eta tabletek eta horien erabilerak banda zabal mugikorraren hazkundean zerikusia dute. 2010 urte amaieran banda zabal mugikorra erabiltzen zutenen kopurua 500 milioikoa zen. Ericsson konpainiak aurreikusi duenez, Internetera konektatuko diren erabiltzaileak 1.000 milioi izango dira aurten. Hazkundea, gainera, geldiezina da eta 2015a amaitu baino lehen 3.800 milioi izatera helduko direla aurreikusten da.
Asia Bareko ingurua izango da erabiltzaile kopuru handiena izango duena, 400 milioi inguru. Amerikako Estatu Batuak eta Europa atzetik izango dira, bakoitza 200 milioi erabiltzailerekin. Europari dagokionez, eta hainbat txostenetan jasotzen denaren ildotik, Espainia da kontinente zaharrean Internet mugikorra gehien erabiltzen duen herrialdea.
Ericssonen ikerketak jasotzen duenez, banda zabal mugikorra ezinbestekoa da telekomunikazio arloak izan duen hazkundean. Erabiltzaile kopurura moldatzeko, gainera, azpiegitura eta konponbide berriak beharko dira, laugarren belaunaldiko teknologiak esaterako. Era berean, gailu horien hazkundeak berarekin ekarri du datu mugikorren trafikoa gehitzea. Suediako enpresaren aburuz, trafikoa hirukoiztu egin da azken urtean eta etorkizunean are gehiago haziko da.
Internet erabiltzeko ohituren aldaketak, horren kontsumoak eta sare sozialen zabalkundeak ere eragina izan dute banda zabal mugikorraren erabiltzaile kopuruan.