Espainiako Gobernuak ez du bete banda zabal unibertsalaren inguruan aginduta zuena. 2011 urtearen hasieran mega bateko banda zabala ezarriko zuela iragarri zuen arren, aurreikuspenak ez dira beteko eta zerbitzua urte betez atzeratuko da. 2011ko abenduaren 31an ikusiko du argia banda zabal unibertsalak.
Industria Ministerioak jakitera eman duenez, atzerapen hori behin-behinekoa da. Aurreikuspenen arabera, epe motzean zerbitzu unibertsalari dagozkion aldaketak egingo dira eta moldaketa horiek eragin zuzena izango dute Espainian ezarri nahi den sisteman.
Interneteko erabiltzaileek urteak daramatzate banda zabal unibertsalaren eskaria egiten. Nekazal guneetan, eta geografiarengatik operadoreak heltzen ez diren lekuetan, Interneterako sarbide arazoak daude eta banda zabal unibertsala konponbidea izango litzateke horretarako. Aurreikuspenen arabera, banda zabal unibertsalak Mbps bateko jaitsiera abiadura izango luke eta 256 Kbpseko igoera. Estaldura, bestalde, %98koa izango litzateke, eta hilean 25 euroko prezioa izango luke.
Atzerapenak Interneteko erabiltzaileengan haserrea eragin du. Operadoreak, ordea, pozik agertu dira Espainiako Gobernuak hartu duen erabakiarekin. Izan ere, banda zabal unibertsala eskaintzeko egin beharreko inbertsioak ekidin ahal izango dituzte.