www.adslzone.net Interneteko atari berezituak egin duen ikerketa baten arabera, banda zabaleko abiadura baxuenetakoa duen herrialdea da Espainia. Portugal, Alemania, Frantzia edo Erresuma Batuaren atzetik dago, eta zenbait kasutan Espainiako banda zabaleran abiadura inguruko herrialdeenetakoena baino hiru aldiz motelagoa da.
adslzone atariak bost milioi lagin baliagarri jaso ditu urte betez. Testdevelocidad.es neurgailu berezitua erabili du ikerketa hori burutzeko. Azterketa horretan kable bidezko konexioak, zein ADSL bidezkoak aztertu dira eta jaso diren datuen arabera, Espainian jaitsieren abiadura 5,67 megakoa da, inguruan dituen herrialdeetakoa baina motelagoa. Portugaleko abiadura, adibidez, %18,57 megakoa da, Alemaniakoa %15,26koa, Frantziakoa %11,62koa eta Erresuma Batukoa %8,41koa.
Igoeren abiadurari dagokionez, berriz, Espainiako batezbestekoa 395 kilobitekoa da. Zifra hori ere Europako datuetatik urrun dago. OCDE elkarteak gomendatzen duenaren arabera, igoeren abiadurak megabit batekoa izan behar du gutxienez, horrela sareak eskaintzen dituen aukera guztiez gozatu baitaiteke. Espainian, operatzaileek azken urtean igoeren abiadura dohainik bikoiztu duten arren, oraindik ere hobetu behar den kontzeptua da.
Operadoreei dagokionez, Movistar da ADSL modalitatean abiadura handiena eskaintzen duena. Jazztel eta Vodafone operadoreek, bestalde, igoeren kasuan eskaintzen duten abiadura azkarrena. Txostenak jasotzen dituen datuen arabera, operadoreek eskaintzen duten abiadura gero eta baxuagoa izan, eskaintzen duten hori hobeto betetzen da. Konexio motari dagokionez, kable bidezko operadoreak dira eraginkortasun handiena eskaintzen dutenak. Telecable, R., Euskaltel eta Onok eskaintzen dituzten modalitate guztietan kontratatutako abiaduraren %80a eskaintzen dute.
Ikerketa honek erakutsi dituen datuek zerikusi gutxi dute banda zabal mugikorrak eskaintzen dituenarekin. Orain gutxi Cisco elkarteak egin duen nazioarteko ikerketa baten arabera, Espainia mundu mailan banda zabal mugikorraren arloan abiadura azkarrena eskaintzen duen herrialdea da Suezia, Danimarka eta Amerikako Estatu Batuen ondotik. Mundu mailako 72 herrialdetan egin da ikerketa eta 40 milioi datu izan dituzte kontuan.