Europako telekomunikazio-enpresa nagusiek sektorearen erregulazioa gutxitzeko eskatu diete Europako Batzordeari eta Europar Batasuneko herrietako gobernuei. Murrizketaren bidez, inbertsioak erraztu nahi dituzte, herritarrek Internetera duten sarbidea hobetzeko.
Europako Agenda Digitalaren gaineko konferentzia batean egin dute eskaera operadoreek. Bertan, telekomunikazio-enpresa nagusien ordezkariek erregulazioa gutxiago eskatu dute, kalitatezko banda zabalaren bidezko konexioei dagokienez, Ameriketako Estatu Batuekin eta Asiarekin alderatuta, Europa atzean geratzen ari dela uste baitute. Operadoreen iritzian, eskariaren gaur egungo handitze azkarrak linea horien gaitasunari eragin diezaiokete, horien itomena edo kongestioa ekar baitezakete.
Hori dela eta, telefonia merkatu bakarra sortzeko eskatu diote Europari, sektorean egiten diren inbertsio pribatuak hobetzeko. Enpresen ustez, gainera, zerga eta erregulazio gutxiago behar dituzte, inbertsioetan diru gehiago erabiltzeko, zerbitzua hobetze aldera. Enpresa nagusienen iritzian, egun sektore publikoa da zertan inbertitu behar den erabakitzen duena, eta horrek zabaltzea zailtzen du.
Europako Agenda Digitalaren komisarioak, Neeli Kroesek, operadoreen eskarien aurrean, neurri batzuk proposatu ditu. Kroesek ezinbestekotzat jo du konpainiei inbertsioak erraztea, kobrezko lineak ordeztuko dituzten zuntz optikozko sareak sortu ahal izateko. Telekomunikazio-enpresen sektorea funtsezkoa da, horren esanetan, lanpostuak sortzeko eta Europako hazkunde ekonomikoa bultzatzeko.
Konferentzia horretan, konpainia hauen ordezkariek hartu dute parte: Telefónica, Telecom Italia, Telenor, Ericsson, Vivendi, Telekom Austria, Alcatel-Lucant eta VimpelCom.