Telekomunikazioen Merkatu Batzordeko (TMD) Angel Garcia kontseilariak adierazi duenez, Espainia mundu mailako adibide da Lurreko Telebista Digitalaren ezarpenean. Garciaren aburuz, teknologia berriaren ezarketa arrakastatsua izan da, Espainian bizi den jende kopurua eta prozesua egiteko behar izan den denbora kontuan izanda.
Oviedon, telebista egiteko eta ikusteko dauden modu berrien inguruan egin diren jardunaldietan egin ditu adierazpen horiek Agnel Garciak, TMDko kontseilariak. Jardunaldi horietan 2010eko apirilean amaitu den telebista analogikotik digitalerako prozesua aztertu da. Angel Garciak Espainiako prozesua arrakastatsua eta mundu mailako adibide izan dela adierazi du. LTDaren ezarpena, gainera, Espainiako herritarrentzat prozesu onuragarria izan dela ere azpimarratu du Garciak, eta Espainiako aktibitate ekonomikoan ere eragina izan duela.
LTDaren ezarpen prozesuak bost urteko iraupena izan du Espainian eta joan den apirilean gauzatu zen. Biztanle kopuruari dagokionez, Espainia da telebista digitala ezarri duen lehen “herrialde handia”, eta ezarpena denbora “laburrean” egin da. Denbora epe horretan, gainera, unean-unean sortu diren arazoei aurre egin zaie. Horren adibide da, Asturias bezalako autonomia erkidegoetan sortu diren arazoak. Orografia dela eta sortutako arazoak momentuan konpondu behar izan dira. Hori dela eta, prozesua mundu mailako adibide dela esan daiteke.
Telebista digitalerako trantsizioa 2002an pezetetatik eurotara eman zen trantsizioarekin alderatu du Garciak. Kasu honetan ere, Espainiako herritarrek %100ean parte hartu dute prozesuan. Etxeetako antenak moldatzeaz gain, deskodetzaileak ere erosi dituzte LTDa ikusteko. Jardunaldietan telebista berriak Espainiako herritarrengan eta ekonomian izandako eragina ere aztertu dute.
Bereizmen handiko telebista digitalari buruz ere hitz egin da jardunaldietan. Aurreikuspenen arabera, 4 edo 5 urtetan azpiegituren %80a formatu horretan egongo da. Irrati digitalari dagokionez, adituek uste dute 2011 urtean sistema hori bultzatzeko pausuak eman behar direla, eskaintzen dituen aukerei ez baitzaie probetxurik atera. Zentzu horretan, adituek adierazi dute Espainiak prozesua hasi ere egin ez duen bitartean, Europako herrialde handiek horren aldeko apustua egina dutela.