Ander Barroso,Telekomunikazio arloko Gradu Amaierako Proiektu Onenarentzako sariaren irabazle.

Aurten ere Itelazpik Telekomunikazio arloko Gradu Amaierako Proiektu Onenarentzako Itelazpi Saria 2015 eman du. Saria emateko ekitaldia Eskolako Gradu Aretoan egin zen eta Eusko Jaurlaritzako Informatika eta Telekomunikazio zuzendari den Jaime Domínguez-Macayak, hitz batzuk eskaini zituen Itelazpi eta Unibertsitatearen arteko konpromisoa azpimarratuz, honen helburua gazteen ekimenei bultzada ematea, ikerketa zientifikoa eta berrikuntza izanik.
Itelazpiko zuzendari nagusi den Juan José Bañosek 1.500 euroko dirusaria eman zion irabazleari, eta zoriondu ondoren hau abiapuntu bezala hartzera animatu zuen hain beharrezkoa den ikerketa bidean etorkizuneko segmentuan mugitzen garenontzat. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko zuzendari Enrique Amezua bertan egon zen ere bai.
Telebista digitalaren eta telefonia mugikorraren aldi bereko hedapena lehia gogorra eragiten ari da esparru erradioelektrikoan, telebista kateen eta batez ere gailu mugikorren banda-eskaera gero eta handiagoaren ondorioz. Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikasle batek balizko konponbideak aztertu ditu, eta lan honi esker, Telekomunikazio arloko Gradu Amaierako Proiektu Onenarentzako Itelazpi Saria irabazi du.
Ander Barroso Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko tituluduna da, eta gaur egun, espezialitate bereko Masterra egiten ari da Eskolan. Saria, telebista digitalek eta azken belaunaldiko mugikorrek etorkizunean erabili beharreko plangintza-irizpideei buruzko ikerketa batez lortu du. Golardo hau Eskolak ematen du urterik urte, telekomunikazio arloko zerbitzuetan espezializatuta dagoen Itelazpi euskal enpresa publikoaren babespean. Barroso, ikasteaz gain, praktikak egiten ari da, Itelazpi Saria eskuratu dion jarduera-eremu berberetan (telebista digitala, telefonia mugikorra eta bestelako sareak eta komunikazio zerbitzuak) diharduen 3dB Consult konpainia bilbotarrean.
Saritutako lanak telebista digitaleko kanalek VHF banda erabiltzea proposatzen du, bereziki gogoan hartuta azken belaunaldiko telefonia mugikorraren banda zabaleko trafikoa telebistak erabiltzeko moduko esparru erradioelektrikoa murrizten ari dela, eta etorkizunean ere prozesu honek aurrera egingo duela. Aurreikuspenen arabera, gailu mugikorretarako banda zabaleko eskaria laukoiztu egin daiteke datozen lau urteotan.
Telebista digitalei esparru erradioelektrikoa murriztu eta mugikorren ordainduzko komunikazio-zerbitzuei ematea da “Dibidendu Digitala” izenaz ezagutzen dugun prozesuaren muina. Estatu espainiarrean, prozesu hau iaz amaitu zen, telebistako kanalek erabiltzen zituzten hainbat frekuentzia azken belaunaldiko 4G telefoniari esleituz, baina litekeena da, epe ertainean, mugikorrek telebista digitalari frekuentzia gehiago “osten” jarraitzea.
Gradu Amaierako proiektuan, Ander Barrosok telebista digitala frekuentzia baxuagoetara eramatea proposatzen du, eta horretarako, VHF banda eskaintzen du alternatiba gisa, oraingo DVB-T ordeztuko duen DVB-T2 estandarrerako, banda-aldaketa horrek dakartzan parametro guztiak aztertuz eta aldaketaren bideragarritasuna frogatzeko kalkulu teoriko guztiak gaineratuz.
Doako hartzea, tarifako megak kontsumitu Gabe
Lanean bildutako ondorioen arabera, hasieran, telebista aparatuek deskodegailu berri bat beharko lukete, telebista analogikotik digitalera aldatzean gertatu zen bezalaxe. Baina, aldi berean, mugikorrek eta tabletek telebista seinalea doan hartu ahal izango lukete, Internetera konektatu eta tarifako megak kontsumitu beharrik gabe, baita abian dagoen ibilgailu baten barruan ere, pen drive baten tamainako gailu txiki bat itsatsiz.
“VHF bandako DVT-T2 sareen plangintza-irizpideen azterketa” izenburuko lan hau bederatzi hilabetez osatu du Ander Barrosok, proiektuaren zuzendari izan den Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Pablo Angueira irakaslearen gainbegiradapean.
Iturria: UPV/EHU eta Euskadi Teknologia