Ministro Kontseiluak espektro irrati-elektrikoaren berrantolaketari hasiera ematea erabaki du. Horren bidez, telebista kate gehiago eskaini ahal izango dira eta teknologia zerbitzu berriak erabiltzeko aukera izango da. Berrantolaketak, gainera, telefonia mugikorreko operatzaileei zerbitzu berriak eskaintzeko aukera emango die.
Telebistak teknologia analogikoa erabiltzeari utzi ondoren emango da multipleen banaketa hau. Izan ere, itzalaldi analogikoaren ondotik espektroaren zati bat aske geratu da eta hori berrantolatu beharra dago. Gobernu Kontseiluak hasi duen prozesuak multiple bat banatuko du, hau da, 24 orduz erabili ahal izango den lau kanaleko espektro zatia, kanal berriak edo zerbitzu berriak, bereizmen handiko telebista esaterako, eskaintzen hasiko diren estatuko telebisten artean. Espainian LTD zerbitzua zabaltzeko duen elkarteen artean banatu ahal izango da multiplea. Ondorengoak dira elkarte horiek: Antena 3, Gestevisión Telecinco, Sogecable, Veo Televisión, NET TV eta La Sexta.
Maria Teresa Fernández de la Vega Gobernuko presidente ordeak adierazi duenez, orain banatuko dena behin-behineko espektroa izango da. Horri esker, aske geratuko den espazioa telefonia mugikorreko operatzaileek erabili ahal izango dute zerbitzu berriak eskaini ahal izateko. De la Vegak adierazi du, banatu diren multipleak jada kontzesio planaren baitan jasota daudela.
Presidente ordeak gaineratu du, berrantolaketa hau ez dela lehiaketa berri baten bidez egin. “LTDaren kontzesioak eskatzen dituen baldintzak bete ondoren egin da berrantolaketa”, azpimarratu du. Baldintza horiek guztiak Lurreko Telebista Digitalaren Plan Tekniko Nazionalean eta teknologia analogikoko telebisten amaieraren ostean aske geratutako multipleak erregulatzeko sorturiko Errege Dekretuan jasota daude.
Berrantolaketa honi esker, herritarrek telebista kate gehiago ikusteko aukera izango dute. Aurreikuspenen arabera, kate berri horiek urte honetako irailean ikusi ahal izango dira. Era berean, operatzaileek espektro irrati-elektrikoaren ahalmen handiagoa izango dute eta eduki berriak eskaintzeaz gain, teknologia berriak erabiltzeko aukera ere izango dute. Hala nola, bereizmen handiko telebista edota 3 dimentsiotako telebista eskaini ahal izango dituzte.