Espainiako Gobernuak espektro erradioelektrikoaren enkantea egin du. Enkantera atera diren bandak ondorengoak dira: 800 MHz, 900 MHz eta 2,6 GHz. Estatu mailako zein autonomia erkidegoetako 11 operadorek parte hartu dute enkantean eta guztira 1.647 milioi euro bildu dira.
Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak egin du espektroaren enkantea. Guztira, 800 MHzko bandako (dibidendu digitala), 900 MHzko bandako eta 2,6 GHzko bandako 270 MHz eman dira. Guztien artean eskatuena 800ekoa izan da. Banda horretako multzo guztiak eman dira. Beste bi bandetan, hau da, 900ekoan eta 2,6koan, zenbait multzok ez dute eskaintzairik izan eta esleitu gabe geratu dira.
Enkanteari dagokionez, bertan 11 operadorek parte hartu dute eta 1.647 milioi euroko diru-sarrerak eskuratu dira. Horiek guztiak, esleitu diren 51 frekuentzia-multzoengatik izan dira. Enkante honetaz gain, aurretik lehiaketa publikoa ere egin zen. Prozesu horretan 168 milioi euro lortu ziren. Hori guztiari esker, datozen urteetan, hau da 2011-2013 epean, 1.200 milioi euro inguruko inbertsioak espero dira, baita 40.000 lanpostu berriren sorrera ere.
Libre dagoen espektro guztiaren lizitazioaren bidez banda zabal mugikorraren zerbitzua landa guneetan eskaini ahal izango da. Horrez gain sakelako telefonoen laugarren belaunaldiaren (LTE) zabalkundea ere egin ahal izango da. Horren helburua ondorengoa da: 5.000 biztanle baina gutxigoko hirietan herritarren %90ak gutxienez segundoko 90Mbits-eko abiadura izatea. Helburu hori 2020 urterako lortu nahi da, modu horretan herritarren %98k izango bailuke banda zabal azkarrera sarbidea. Europako Agenda Digitalean jasota dago helburu hauen betetzea.
Ekainaren 29tik uztailaren 29ra egin da enkantea Internet bidez. Enkanteak egiteko Plataforma Elektronikoa (PES) erabili da horretarako. Espainian lehen aldia da mota horretako prozesua erabiltzen dela espektroa enkantera ateratzeko. 2030 urterarteko balioa dute esleipenek.
Guztira 11 operadorek parte hartu dute enkantean. Estatuko Telefonica, Vodafone, Orange, Jazztel eta Onok eta erkidegoetako Euskaltel, Telecom Castilla La Mancha, R Cable y Telecomunicaciones Galicia, Telecable de Asturias, Obras Públicas y Telecomunicaciones de Navarra (Opnatel) eta Consorcio de Telecomunicaciones Avanzadas (Cota).