Europako Batzordeak ultimatuma eman dio Espainiako Gobernuari 900 megahertzeko (MHz) frekuentzia zerbitzu mugikor azkarretarako (Internet mugikorrerako, esaterako) ere erabili ahal izatea berma dezan. Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak, bere aldetik, gaur egun berrantolatzen ari diren espektro irrati-elektrikoko frekuentzia batzuen erabilera berria zehaztu du Espainiako Aldizkari Ofizialean (BOE) jakitera eman duen ministro-agindu batean.
Europako Batzordeak ultimatuma eman dio Espainiari bigarren belaunaldiko sakelako telefonoek erabiltzen dituzten GSM frekuentziak zerbitzu mugikor berrietarako (batez ere, abiadura handiko Interneterako) erabilgarri izatea berma dezan.
Batasuneko Gobernuaren iritzian, “espektro irrati-elektrikoko banda hori sareratzeko teknologia aurreratuagotara zabaltzea, telekomunikazio mugikorretarako sistema unibertsalera (UMTS) zabaltzea esaterako, haririk gabeko banda zabalaren zerbitzuak arinago eta zabalago hedatzearen aldeko ahaleginetan funtsezkoa da”.
Estatu kideek 2010eko maiatzaren 9ra arteko epea dute 900 MHz-eko banda Internet mugikorrera zabaltzera behartzen duen zuzentaraua bakoitzak bere legedira egokitzeko.
Espektro irrati-elektrikoa berrantolatzea eta frekuentziak enkantean jartzea
Ultimatuma jaso ondoren, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak espektro irrati-elektrikoa berrantolatu ondoren aske geratu diren frekuentzia batzuen erabilera berria zehaztu du Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) jakitera eman duen ministro-agindu batean.
Frekuentziak esleitzeko koadro nazionalean berrantolatu diren bandak 2.000 MHz-ekoa, 1.710 eta 1.785 MHz artekoak eta 1.805 eta 1.880 MHz artekoak dira.
Lehen taldekoak, 1.900 eta 2.200 MHz arteko bandak, 5 bloketan bereizita, UMTS edo hirugarren belaunaldiko (3G) datu-sareetarako eta satelite bidezko zerbitzu mugikorreko komunikazio sistemetarako gordeko dira.
Bigarren taldekoak, 1.710 eta 1.785 MHz arteko frekuentziak eta 1.805 eta 1.880 MHz artekoak, telefonia mugikor konbentzionala (GSM) eta hirugarren belaunaldiko datu mugikorrak erabiltzen dituzten sareetarako izango dira, eta baita itsas eta aire garraioen komunikazioetarako ere.
Mugikorren sareen frekuentziak berrantolatuta eta Lurreko Telebista Digitala ezarrita libre geratu diren 310 megahertzetako 270 telekomunikazio sare gehiago hedatu nahi dituzten operadoreei enkantean eskainiko dizkie Gobernuak, eta kontzesioa 2030eko abenduaren 31ra arte izango da indarrean.
Estatuak enkante horrekin gutxienez 1.448 milioi euroko diru-sarrerak izatea espero du.