Europako Batzordeak telekomunikazio arloari buruz informazioa eta iritziak jasotzeko kontsulta hasi du. Horren helburua da banda zabalaren finantzaketarako Batasunak ezartzen dituen arauen azterketa egitea, eta horiek aldatzea beharrezkoa den edo ez ikustea. Gaur egun abiadura handiko edo oso handiko banda zabala aintzat hartzen duten arau orokorrak daude indarrean.
Banda zabalaren finantzaketari buruzko kontsulta egiteko erabakia azken urteetan teknologia berrien eta telekomunikazioen arloan eman diren aurrerapenek bultzatuta hartu du Europako Batzordeak. Gaur egun banda zabala arautzen duen arautegia 2009ko irailean sartu zen abian eta abiadura handiko eta oso handiko banda zabalaren arauak jasotzen dira bertan. Sektorean azken aldian egon diren aldaketen ondoren, Batzordeak kontsulta egingo du, horren emaitzen arabera erabakitzeko arauak aldatu edo ez.
2011ko abuztuaren 31an amaituko da galdeketa eta bertan gaiarekin lotura duten alderdiek parte hartuko dute. Ondoren, eta arauen berrikustea egitea erabakitzen bada, proposamena prestatzen hasiko dira. Proposamen hori 2012ko urte hasieran eztabaidatuko litzateke.
Joaquin Almunia Batzordeko Kontseilariordeak eta eskumenaren jabeak adierazi duenez, kontsulta honen helburua da sektorearen lehiakortasuna bermatzea eta sareetan egiten den inbertsio publiko zein pribatuaren prozedura azkartzea. Gaineratu du, gaur egun indarrean dauden arauekin banda zabalaren arloan inoiz onartu den laguntza kopuru handiena onartu dela. Laguntza horiek guztiak Batasunak ezartzen dituen arauen baitan onartu dira.
Kontsulta hau egiteko Europako Batzordeak hainbat galdera biltzen dituen galdetegia osatu du. Besteak beste, ondoko gaiak planteatzen dira: aurrerapen teknologikoak eta merkatu berriak, diru-laguntzak jaso dituzten belaunaldi berriko sareetan sartzeko baldintza egokiak eta tokiko erakundeek proiektuak arautzerakoan egiten duten lana.