Europako Erkidegoak inoiz baino diru gehiago zuzendu du banda zabalerako ekimenak bultzatzeko. Europar Batasuneko 20 ekintza lagundu ditu eta horretarako 1.800 milioi euro baino gehiago erabili ditu. Onartutako laguntzetatik hiru Espainian egiten diren proiektuetara zuzendu dira.
2010ean onartu diren diru-laguntza guztiek 2009an Europako Erkidegoak ezarri zituen oinarriak izan dituzte ardatz. 2009an erabaki zen nekazal guneetan edo geografia arazoak direla eta banda zabala ezartzeko eta garatzeko arazoak dauden lekuetan zerbitzuari bultzada bat emango zitzaiola. Izan ere, horrelako arazoak dituzten lekuetan telekomunikazio enpresa pribatuek ez dute inbertsiorik egiten. Ekimen hauei esker, Europako leku ezberdinetan etorkizunean sortu daitekeen haustura digitalari ere aurre egin nahi zaio.
2010ean emandako laguntzak aurreko urtean onartutakoak baino lau aldiz handiagoak izan dira. Batzordearen aburuz, laguntza publiko hauek beharrezkoak dira, horien ondorioz inbertsio berriak sortuko baitira eta hazkunde ekonomikoa eragiteaz gain lan-postuak ere sorraraziko dituzte.
Europako Erkidegoko laguntzak Espainiako hiru ekimen edo proiekturi ere zuzendu zaizkie. Horietako bat Avanza programarentzat izan da, Informazio eta Ezagutzaren Gizartearen zabalkundea bultzatzen duen programarentzat. Bigarren laguntza Murtzian telekomunikazio azpiegiturak garatzeko ekimenari eman zaio. Azkenik, hirugarren laguntza Katalunian zuntz-optikoa zabaltzeko egiten ari diren proiektuarentzat izan da. Kataluniako Generalitatea prestatzen ari den proiektuaren izena Xarxa Oberta da eta banda zabalerako operadore neutroa da.
Aurreko urteetan ere lagundu ditu Europak Espainian egin diren ekimenak. Horren adibide dira ondorengoak: nekazal guneetan banda zabala bultzatzeko proiektua (2005 urtea), telebista digitalarentzako, mugikorrentzako eta banda zabaleko azpiegiturentzako proiektua (2008 urtea) eta banda zabala Asturiasen zabaltzeko proiektua (2009 urtea).