Europako Ikus-entzunezko Behatokiak (EAO) Europako Lurreko Telebista Digitalaren inguruko txostena argitaratu berri du. Bertan jasotzen denez, Europan dauden LTDko kateen erdia baino gehiago, %52 hain zuzen ere, ordainekoak dira. Azken hilabeteetan teknologia mota honek izan duen gorakada handia eta azkarra ere nabarmendu du ikerketa horrek.
Lurretako Telebista Digitaleko 1.500 kate inguru ditu gaur egun Europak. Kopuru horretan jasota daude bai ordainpeko kanalak eta baita doakoak ere. Zenbaki horrek, gainera, azken urtean gorakada izan du Europako hainbat herrialdetan aurrera eraman den itzalaldi analogikoaren eraginez. Gaur egun banaketa nazionala edo nazioartekoa duten LTDko 760 kate daude, orain urte bete baino 260 gehiago. Telebista analogikotik digitalera eman den trantsizioaren ondorioz hazi dira horrenbeste telebista-kateak.
Europako 13 herrialdetan gauzatu da itzalaldi analogikoa. Ondorengoak dira horiek: Belgika, Suiza, Alemania, Danimarka, Estonia, Espainia, Finlandia, Luxemburgo, Letonia, Holanda, Andorra, Norvegia eta Suezia. Aurreikuspenen arabera, Austria, Islandia, Malta, Eslovenia eta Kroaziak 2011an gauzatuko dute telebista digitalerako bidea. Europar Batasuneko herrialde kideek itzalaldi analogikoa 2012a amaitu baino lehen egin behar dute, hori baita Europako Batzordeak telebista digitalaren ezarpenerako ezarri duen azken data.
LTDko telebista-kateen artean, ordaindu beharreko kanalen negozioa ez da modu berean garatu herrialde guztietan. Batzuetan funtzionatzen duen bitartean, beste batzuetan telebista ikusteagatik ordaindu beharraren ideiak ez du harrera ona izan herritarren artean eta doako telebistak gehiengoa dira.
Ordainpeko LTDa Europako 19 herrialdetan dago. 19 herrialde horietatik 14 Europar Batasuneko kide dira. Mota horretako telebista Alemania, Erresuma Batua, Italia, Danimarka, Estonia, Espainia, Finlandia, Letonia, Lituania, Malta, Frantzia, Hungaria, Holanda eta Suezian ikusi dateke. EAOko txostenak jasotzen duenaren arabera, berriz, beste hainbat herrialdetan ordaineko telebistak ez du arrakastarik izan eta doakoak dira nagusi.
Espanian 30 LTDko telebista-kate daude gaur egun eta horietatik 3 bakarrik, %10, dira ordainpekoak. VEO TV-ren frekuentzia erabiliz emititzen duen AXN, Sogecableren Canal + 2 eta Mediaproren Gol Television dira ordaindu beharreko kanalak.