Europar Batasunak Eurobarometroaren datuak argitaratu berri ditu. Bertan, Europako herritarrek Internet, telebista eta telefonoa erabiltzeko duten modua aztertu dituzte. Inkesta Europar Batasuneko kide diren 27 herrialdetako 27.000 etxetan egin zen 2009ko azaroan eta abenduan eta bertan jaso den ondorio nagusiena europarrak “gero eta digitalagoak direla” da.
Europar Batasuneko Eurobarometroak Interneten barneratzea, banda zabalaren erabilera, konexio mota edo sare sozialetako parte hartzea aztertu ditu besteak beste. Batasuneko 27 herrialde kidetan egin da azterketa eta bertan jasotzen diren datuen arabera, Europarren %57k Interneterako sarbidea du. Espainia datu horietatik urrun dago, batezbestekotik 10 puntu behera hain zuzen ere. Datuek diotenez, Espainiako herritarren %47k du Interneterako sarrera.
Internetera konektatzeko moduari dagokionez, banda zabala da ohikoena; herritarren %48k erabiltzen du hori. Kasu honetan ere, Espainia batezbestekotik urrun dago, %44ko konexioarekin. ADSL bidezko konexioa %38koa da Espainian, eta modem bidezkoa, berriz, %6koa. Europari dagokionez, eta konexio mota horiek aintzakotzat harturik, konexioak %35ekoak eta %9koak dira hurrenez hurren. Espainiako konexioen %80a ADSL o XDSL bidezkoa da, %13a kable bidezko modem bat edo “router” bat erabiliz eta %3a telefono bidezko linea arrunt bat erabiliz.
Sare sozialen erabilera ere aztertu du ikerketak. Eurobarometroan jasotzen diren datuen arabera, espainiarren %28k soilik parte hartzen du Facebook, Tuenti, MySpace edo Twitter bezalako sare sozialetan. Europarrei dagokionez, sare sozialen erabilera %35ekoa da. Alemaniarekin batera, Espainia da sare sozialetan inoiz parte hartu ez duten biztanle kopuru altuena duen herrialdea. Inkestan parte hartu duten 27 herrialderen artean, 22. postuan kokatu da. Bestalde, Lituania da sare sozialen erabilera zabalduena duen herrialdea. Biztanleen %57k erabiltzen dituzte sare sozialak.
Europar Batasuneko etxeen %43k, bestalde, ez dute oraindik Interneterako sarbiderik. Datu hori Europarako Agenda Digitalaren bidez hobetu nahi da. Agenda Digitala Europako Batzordeak abian jarritako ekimena da. Estrategia horren bidez, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera erraztu eta bultzat, eta Interneten oinarritutako zerbitzuak indartu nahi dira.
Telefonoaren barneratzea ere aztertu du Eurobarometroak. Europako herritarren %98k du telefonoa, Espainian bezala. Telebistaren barneratzeari dagokionez, %98koa da datua Europan. Espainian, berriz, zifra hori %100ekoa da.