
Astearte goizaldean Oizko emisio-zentroko egokitzapen-lanak egin ziren EiTB taldeko FM irratiko kanaletako bat, alegia, Euskadi Irratia entzuteko frekuentzia aldatzeko.
Durangaldeko herritarrek 104.5Mhz frekuentzian entzuten dute Euskadi Irratia dagoeneko (lehen 104.4MHz frekuentzian igortzen zena). FM sarea hobetzeko lanen artean, Itelazpiko teknikariek joan den astearte goizaldean amaitu zuten Oizko zentrotik emisioa aldatzeko behar zen prozesua. Aldaketa horrek Bizkaiko Durangaldeko eskualdean seinalea hartzeari eragiten dio bereziki, eta kontuan izanik RDS teknologiak FMn funtzionatzen duen modua eta Oiz mendiaren kokapen gailena, erkidegoko beste eremu eta komunikabide batzuei ere eragin ahal die.
Aldaketa horren xehetasunak herritarrei ezagutarazteko, Euskadi Irratiak informazio-kanpaina bat gauzatu du azkeneko asteetan. Hori amaitzeko, Itelazpiko ingeniarietako bat, Amaia Bizkarguenaga, Miramongo estudioetara joan zen astelehen arratsaldean, Hiri Gorrian programan parte hartzeko; izan ere, programa horrek atal bat eskaini zion herritarrei telekomunikazioen mundua hurbiltzeko eta emisio-aldaketa sakontasun gehiagorekin ezagutarazteko, gau horretan bertan gertatuko zena.
Itelazpi 2003. urtean sortu zen, eta geroztik, bere jarduera nagusiak EiTB taldearen irrati- eta telebista-seinaleak zabaltzea izan da EAEko lurraldean.



