Euskadin jasotzen ari den itzalaldi analogikoaren bigarren zatia urtarrilaren 10ean hasi zen. Urtarrilaren 30n amaituko da fase hau eta egun horretarako 115 euskal udalerritan telebistako seinale digitala analogikoaren ordez egongo da aldatuta behin betiko. Itzalaldia bigarren fase honetan izango duten herri gehienak, 88, bizkaitarrak dira.
LTDaz gozatu ahal izateko etxeetako antenak egokitu behar dira eta telebista aparailu bakoitzak deskodetzaile bat izan behar du. Era mailakatuan, Bizkaian (Bilbo handian eta ekialdeko kostaldean izan ezik) bizi diren lagunentzat LTDa telebista ikusteko aukera bakarra izango da. Lurralde historiko honetan itzalaldiak 88 herriri eragingo die, guztira 281.000 biztanleri.
Itzalaldiak 21 udalerri gipuzkoarri (Antzuola, Azpeitia, Beizama, Bidegoian, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Errezil, Urretxu, Zumarraga, Aretxabaleta, Eibar, Elgoibar, Elgeta, Eskoriatza, Legazpi, Arrasate, Oñati, Soraluze, Leintz-Gatzaga, Bergara eta Mendaro) eta 6 arabarri (Amurrio, Aramaio, Artziniega, Aiala, Okendo y Laudio) eragingo die. Hain zuzen, Arabak itzalaldi prozesua erabat bukatuko du fase honetan.
Deskonexio analogikoaren bigarren fase hau martxan jartzeko egin beharreko aldaketa guztiak Itelazpik eta Abertisek egin dituzte era arrakastatsuan.
Bigarren fase hau bukatuta, hirugarren fasea besterik ez da falta. Horretan, Bilboko, Donostiako eta hiriburu horien inguruetako herrietako emisio analogikoa itzaliko da, baita Bizkaiko ekialdeko kostaldeko udalerrietakoa ere bai. Apirilaren 3an izango da behin betiko itzalaldia lurralde osoan.