Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak ingurumen-kudeaketaren arloko aintzatespena Juan Jose Baños ITELAZPIko Zuzendari Nagusiari eman diote[/caption]
Pasa den Otsailak 2an Eusko Jaurlaritzak EAEn EMAS ingurumen-ziurtagiria lortu duten 28 euskal erakunde aintzatetsi zituen, horien artean ITELAZPI; baita Eco-Management and Audit Scheme (edo ekokudeaketako eta ekoikuskaritzako Europar Batasunaren erregelamendua) akreditazioari eutsi diotenak ere. Horren bitartez, Europar Batasunak ingurumen-kudeaketako sistema bat ezarri duten eta etengabe hobetzeko konpromisoa hartu duten erakundeak aintzatesten ditu –konpromiso hori ikuskaritza independenteen bitartez egiaztatzen da. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi zuenez, «enpresok benetako “ingurumen-indarra” dira; izan ere, 2.887 erakunde dira, 10.000 planta baino gehiago dituztenak, eta garapen-eredua aldatzeko hasi dugun prozesuan eraldaketa-gaitasun handia dute».
Ekitaldia Lehendakaritzaren egoitzan egin zen, Europako EMAS ingurumen-kudeaketako sistemaren 20. urteurrena zela-eta, eta Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi izan ziren buru.
Horiez gain, Ingurumeneko sailburuorde Iosu Madariaga, Ihobeko zuzendari Javier Agirre, Ingurumen Administrazioaren zuzendari Alejandra Iturrioz, eta Informatika eta Telekomunikazioko zuzendari eta ITELAZPIko presidenteorde Xabier Arrieta ere izan ziren. EATON INDUSTRIES enpresako zuzendari kudeatzaile Dean Whynachtek ekitaldiaren garrantzia nabarmendu zuen bertaratutako guztien izenean. Berak zuzentzen duen enpresa, bada, Euskadiko eta Estatuko EMAS erregistroan sartu zen lehena izan zen.
Itelazpiren aintzatespena gure Zuzendari Nagusi Juan Jose Bañosek jaso zuen eta Lehendakariari eta Lurralde Politikako Sailburuari eskertu egin zien emandako aintzatespena. Guzti hau ez zen posible izango ITELAZPIko Ingurumen Arduraduna Jorge Arbonaren parte hartze eraginkorra gabe.
Iñigo Urkullu lehendakariak «ingurumen-indartzat» jo zituen bertaratutako erakundeak, eta, nabarmendu zuenez, «10.000 planta erregistratu inguru dituzten 2.887 erakundek duten eraldaketa-gaitasuna oso faktore garrantzitsua da, eta administrazio publikoek aintzat hartu behar dugu garapen-eredua aldatzeko hasi dugun prozesuan».
«Euskadi, EMAS ziurtagiri kopuruari dagokionez, 5. tokian dago Europan Frantziaren, Erresuma Batuaren edo Portugalen aurretik, besteak beste», nabarmendu zuen Urkulluk, eta zehaztu zuen «Euskadin, Europan bezala, ingurumen-gaietan lehentasunezkoa klima-aldaketara egokitzea eta Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia zirkularra abiaraztea» dela. «Ekonomikoki bideragarriak eta beste erakunde batzuentzako moldagarriak diren ekonomia zirkularreko proiektuak egiten dituzten enpresei laguntza ematen ari gara», berretsi zuen.
«Euskadi karbono baxuko eta klimaren ondorioei egokitutako ekonomia lehiakorra duen herrialde bihurtzea dugu helburu, berrikuntza eta garapen teknologikoak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuta», esan zuen Urkulluk.
EMAS ingurumen-ziurtagiriak herri-administrazioarekiko harremanean erakundeei ematen dizkien abantailak nabarmendu zituen Ana Oregik. Enpresei ingurumen-arloko diru-laguntzak emateko agindua aipatu zuen, laguntza ekonomikoak eskaintzen dizkielako «EMAS erregistroa sustatzeko ekintzak egiten dituzten erakundeei, baita erregistroan inskribatzeko edota inskripzioa berritzeko ere».
Oregik zehaztu zuenez, «lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko lege berriak onura administratiboak ezartzen ditu egoera-txostenen bidalketa-maiztasunaren edo lurzoruaren kalitatea eta egokitasuna zehazteko prozeduren edo lurzoru kutsatu edo eraldatu gisa izendatutakoa lehengoratzea egiaztatzeko prozeduraren inguruan».
«EMAS kudeaketa-sistema ezartzen duten erakundeek, bezeroei, hornitzaileei eta, oro har, gizarteari bermea, eraginkortasuna eta gardentasuna eskaintzen dizkiete», adierazi zuen Oregik amaitzeko.
Informazio gehiago www.irekia.euskadi.eus