Ministro Kontseiluak itzalaldi analogikoa iristen denerako multiplex digitalen banaketaren xehetasunak finkatuko dituen dekretua onetsi du. Testuak telebista ez diren beste zerbitzuen “dibidendu digitala” deritzonaren erreserba ere jasotzen du.
Itzalaldi analogikoaren ostean Estatuko telebistaren operadore pribatuek multiplex bana izango dutela, eta Espainiako Irrati eta Telebista Korporazioak eta Autonomi Erkidegoek bina multiplex izango dituztela erabaki dute dekretu honen bitartez.
Halaber, Errege Dekretu horrek 790 MHz-tik 862 MHz-era bitarteko banda zabalera (61-69 kate irrati-elektrikoak) libre utziko du 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen. Frekuentzia banda hauek libre geldituko dira teknologia digitalarekin toki gutxiago erabiltzen delako, eta horri “dibidendu digitala” esaten zaio.
Bi fase bereiztuko dira: jarraipena, trantsizioa ez baita oso zaila izango (egungo telebista kateak hartzeko ez da inolako arazorik egongo) eta ekitatea edo zuzentasuna, prozesu osoan zehar operadore pribatu guztiek baldintza berberak izango dituztelako (multiplex bati dagokiona, bi multiplexetan banatuta).
2015eko urtarrilaren 1a baino lehen guztiek behin betiko multiplexak izango dituzte, beraz, espektro irrati-elektrikoaren zati bat libre geratuko da.
Dekretuaren arabera, ekonomia-hazkundean, lanpostu berrien sorreran eta produktibitatearen igoeran lagunduko du dibidendu digitalak.
Libre geldituko diren frekuentziak, dibidendu digitala osatzen dutenak, ezin hobeak dira banda zabaleko zerbitzu berriak sortzeko, hirigunetan zein natura eremuetan seinale ona eskainiz.
Europako Batzordearen arabera, dibidendu digitalari esker, Europar Batasuneko herrialde guztietan banda zabaleko zerbitzu mugikorrentzako erabilerarekin 150.000 eta 200.000 milioi euro artean irabazi daitezke.
Estatuari dagokionez, irabazi hori 12.000 eta 16.000 milioi euro bitartekoa izango litzateke, Industria Ministerioaren arabera.