Google konpainia negozio berri batean sartu da, Interneteko sare propioa sortzeko ekimena iragarri berri baitu. Konexioa “oso azkarra” izango da, AEBetako beste operadore batzuk eskaintzen dutena baino ehun aldiz bizkorragoa.
Interneteko bilatzailearen blog ofizialean iragarri dutenez, AEBetako zenbait tokitan jarri nahi du Googlek egitasmo esperimental hau martxan. Bere ekimenak arrakasta baldin badu, AEBetako herritarrek erabili ohi duten konexioa baino “ehun aldiz azkarragoa” (gigabyte bat segundoko), lortuko dutela azaldu du konpainiak.
Konexioa “prezio lehiakorrean” eskaini nahi die Googlek 50.0000-500.000 erabiltzaileri.
Zehazki, bereizmen handiko film bat bost minututan deskargatzeko aukera emango dio konexioak erabiltzaileari, edo unibertsitateko klase bateko bideo bat 3 dimentsiotan ikusten den bitartean mundu guztiko gelakideekin harremanetan egoteko ere bai.
Herri bateko klinika batean erradiografia bat hiru dimentsiotan ikusteko aukera izango da, aldi berean New Yorkeko aditu batekin aztertu.
Orain arte imajinaezinak ziren aplikazio eta zerbitzu berriak erabiltzea ahalbidetuko dien konexioa garatzeko asmoa du Interneteko erraldoiak.
2006tik WiFi sare propioa du Googlek bere Mountain Viewko (Kalifornia) egoitzan.