Industria Ministerioa sakelakoen frekuentziaren berrantolaketa prestatzen ari da. Ministerioak dituen aurreikuspenen arabera, berrantolaketa honekin 1.500 eta 2.000 milioi euro artean jasoko ditu. Horretarako, lizitazio prozesu mistoa erabiliko du, enkantea eta lehiaketa uztartzen dituen sistema hain zuzen ere.
Miguel Sebastian Industria, Merkataritza eta Turismo ministroak Bartzelonan egin den Mobile World kongresuan eman ditu ezagutzera aurreikuspen horiek. Ministerioak izango dituen diru-sarrerak azaltzeaz gain, berrantolaketak eragingo dituen gastuak ere eman ditu ezagutzera. Sebastianek adierazi duenez, jasotzen den diruaren zati bat, 800 milioi euro, espektro erradioelektrikoaren berrantolaketa lanetara zuzenduko da. Berrantolaketa horri esker, sakelako teknologiarako frekuentzia banden erabilpena erregularizatuko da. Horrela, orain arte GSMak erabiltzen zuen 900 MHzko banda, banda zabalerako erabiltzen hasiko da.
Sebastianek azpimarratu duenez, inoiz egin den lizitazio garrantzitsuena da orain egingo den hau. Gaineratu du, zentzu honetan Espainia Europari aurreratu zaiola. 310 megahertz eskainiko dira eta horretarako eskaintza-sistema mistoa erabiliko da. %90 enkantearen bidez egingo da eta %10 lehiaketa bidez. Ministroak gaineratu du sistema hori ez dela dirua biltzeko asmoarekin egingo, prozesuaren gardentasuna bilatzeko baizik. CMTak orain gutxi argitaratutako txostenean jasotzen zenez, mota honetako lizitazioetan enkante-sistema erabiltzea da gomendagarriena.
Ondorengo moduan egingo da berrantolaketa: 800 megahertz dituen banda enkante bidez eskainiko da eta 900 megahertz dituena, berriz, eskaintza mistoaren bidez. Bestalde, 1.800eko bandan lehiaketa eredua erabiliko da eta 2011an egongo da prest. Azkenik, 2,6 gigahertz dituen banda berria enkante bidez egingo da eta hau ere aurtengo urtean izango da eskuragarri.
Zehaztapen guztiak jasotzen dituen errege dekretua urteko lehen hiruhilekoan onartzea espero da. Lizitazioak, berriz, urteko bigarren hiruhilekoan hasiko dira.