Itelazpi Sozietate Publikoa energia alternatiboak ardatz izango dituen bi errepikagailuetan lanean hasi da. Lasturreko, Deban, eta Oñatiko zentroak dira horiek eta bertan aerogeneradoreak eta eguzki-panelak izango dira ardatz. Ingurumenean egin daitekeen kaltea ekidin nahi da modu horretan.
Ingurumenaren arloan garatzen ari den ekimenekin jarraituz, eta gizarteak eman diona itzultzeko asmoz, Itelazpi Sozietate Publikoa energia alternatiboak ardatz dituen errepikagailuetan lanean hasiko da. Ekimen hauek Energiaren Euskal Erakundearekin EVE eta Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoarekin IHOBE elkarlanean egin dira. Era berean, beste prototipo eta proiektu batzuetan ere oinarritu da.
Itelazpik arlo honetan garatzen duen lehen ekimena Lasturreko haranean kokatuta dagoen errepikagailuan izango da. Debako udalerriari dagokio errepikagailu hori eta orain hainbat urte mota honetako ekimen bat aurrera eramateko erabili zen, nahiz eta gaur egun ekimena bertan behera egon. Orain, Itelazpik aurretik eginda dagoen azpiegitura berrerabiliko du sistema hibridoa ezartzeko. Energia alternatiboak eta elektrikoa uztartuko ditu errepikagiluan. Sistema eolikoak eta eguzki-panelak ezartzeko lanak urtarrilaren erdialdean hasi ziren. Sistema elektrikoak huts egiten dutenean jarriko da abian erabilera hibridoa.
Oñatiko errepikagailua, berriz, ezberdina da. Azken hau ezerezetik sortuko da eta azpiegitura honetan aerogeneradoreak eta eguzki-panelak egongo dira, elektrogeno talde batez gain. Generadoreak eta panelek energia bilduko dute eta hori bateria talde batean gorde ostean kontsumitzen joango dira. Bateria horiek agortzen direnean elektrogeno taldea lanean hasiko da. Azpiegitura berri honetarako lanak otsailean hasiko dira.
Lasturreko errepikagailua urtarrilaren amaieran hasiko da lanean. Oñatikoa, berriz, martxo hasieran jarriko dute martxan.