
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Unai Meabe ikasleak, energia eta kostuaren aurreztea lor dezakeen informatikako aplikazioa sortu du, seinale-mailaren iragarpenak hobetu zehaztu eta irrati-difusio zerbitzu berriak bikaintasunez planifika ditzakeena.
Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Unai Meabe ikasleak, Uhin Ertaineko (DRM) etorkizuneko irrati digitalaren estaldura optimizatzeko simulazioen prezisioa hobetzen eta aztertzen duen informatikako aplikazio berria diseinatu du. Erreminta honek – irrati digitalaren zerbitzu berriak modu bikain batetan planifika ditzakeena, energia eta ekonomia aurreztea lortuz-, karrera amaierako proiektu onenaren Itelazpi Saria merezi izan du, telekomunikazioetan espezializaturik dagoen Itelazpi euskal enpresa publikoak urtero ematen duena.
Sari banaketa ekitaldian izan dira Herri Administrazio Sailburuorde eta Itelazpiko zuzendari Elena Pérez Barredo; Herri Administrazio honetako zuzendari nagusi Eider Bilbao, eta Eskolako Enpresa Harremanetako zuzendariorde Laura Barrio; beste arduradun batzuen artean. 1.500 euroz hornitutako golardoaren hirugarren saioa da honakoa eta Telekomunikazio zerbitzuetan espezializatutako euskal enpresa publikoak babesten du.
Proiektua eta bere irabaziak
Saritutako proiektuaren funtsa, Uhin Ertaineko irrati-bandaren digitalizazioa da Digital Radio Mondiale (DRM) irrati digitalaren agerpenarekin. Gaur gaurkoz, eremu elektrikoaren maila iragarri ahal izateko dauden erremintak -igorleen estalduran zuzenean eragiten dutenak-, egokiak dira landa inguru lauetan, baina eragozpen asko jasaten ditu hiri handietan edo orografiari dagozkion oztopoak daudenean.
Meabek Uhin Ertaineko estaldura irrati-elektrikoak modu errazean eta zehaztasun handiagoz kalkulatzeko software erreminta sortu du. Horrela, dagokion transmisioaren datuak sartuz, eta Google Maps bezalako kartografia-erremintarekin nahi den eremua sailkatuz, erremintak behar diren kalkuluak egiten ditu eta estalduraren erabilgarritasuna ematen du.
Proiektuarekin lotutako irabazi tekniko-ekonomikoak handiak dira. Batetik, seinalearen estalduraren planifikazio zehatzago batek, transmisioaren potentzia murriztea ahalbidetzen du zerbitzuaren kalitatea galdu gabe. Energiaren aurrezpen honek, aurrezpen ekonomiko handia suposatzen du, instalakuntza nahiz mantenua merketu egiten delako. Bestetik, potentziaren murrizketak interferentziak murriztea ahalbidetzen du, eta zerbitzuaren kalitatean hobekuntza dakar eta frekuentzien berrerabilera ahalbidetzen ditu.
Amaitzeko, nabarmenak dira ere giza- eta ingurune-irabaziak, potentzia altuko seinale elektromagnetikoen igorpena gutxitu egiten baita, estaldurarik gabeko gero eta leku gutxiago egongo da, eta irrati-entzuleentzako zerbitzu kalitatea handitu egingo da.