
Saioa Bilboko Ingeniaritza Eskolan egin da eta, bertan, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko 3. mailako ikasleek hartu dute parte. Aukera izan dute hurbilagotik ezagutzeko Itelazpiren funtzionamendua, gure zerbitzuak eta bezeroak eta ingeniaritzako langileek burutzen dituzten lanak.
Apirilaren 17an, goizez, Bilboko Ingeniaritza Eskolako Hitzaldi-aretoan, Itelazpik aukera izan zuen bere ezagutza Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzako Graduko 3. mailako ikasleekin partekatzeko, Irrati-komunikazio Sistemak izeneko ikasgaiaren osagarri praktiko gisa. Era berean, saioan Telekomunikazioetako Saileko irakasleek eta orain Itelazpin praktikak egiten ari diren eskolako ikasleek hartu zuten parte. Sozietate publikoaren komunikazio-arduraduna den Ramiro Olivasek gidatu du saioa.
Saioaren xedea izan da etorkizuneko ingeniariek bere karrera profesionala garatuko duten sektorean jarduten duen enpresa baten kasu praktikoa helaraztea eta horiek burutuko dituzten eginkizun nagusiak azaltzea, baita eskatzen diren eskumenak ere. Ikasleek ematen diren zerbitzu nagusiak ezagutu dituzte (FM Irratiaren eta LTDren difusioa, TETRA Komunikazio profesionalak eta kokokapena), baita zerbitzuak eutsiko dituen garraio-sarea eta azpiegitura fisiko eta elektrikoen funtsezko papera ere. Horrez gain, Itelazpik etorkizunean Gauzen Interneteko sare publiko bat hedatzeko egiten ari den bideragarritasun-azterlana aurreratu da.
Itelazpik konpromiso irmoa dauka hezkuntza-sektorearekiko eta arreta berezia jartzen du telekomunikazioen eremuko irakaskuntzan. Itelazpik garatzen dituen bi jarduketa-ildo nagusi dira ezagutza praktikoa eskaintzen duten ekimenak garatzea eta horietan parte hartzea eta zentroak babestea lan-merkaturako sarbideari eta orientazio profesionalari dagokienez. Hala, bi jarduketa-ildo horiek, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren kasuan, hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea egin duen hitzarmen baten bidez gauzatzen dira.


