Elduk prebentzioaren arloan duen konpromisoa aitortu da.[/caption]
Itelazpik, erantzukizun sozial korporatiboaren eremuan dituen konpromisoei jarraiki, bere enpresa hornitzaile nagusietako zuzendaritza-kideak bildu ditu prestakuntza-jardunaldi batean. Bertan, sozietatearen jarraibide nagusiak eta politika korporatiboak helarazi egin dira. Jardunaldian zehar, Eldu enpresaren lana aitortu da, prebentzioarekiko konpromisorik handiena duen enpresa delako.
Joan den azaroaren 10ean, Bizkaiko Parke Teknologikoko egoitzan, Itelazpik bere enpresa hornitzaile nagusietako zuzendaritza-kideak bildu zituen. Hala, enpresa horiek dira telekomunikazio-azpiegituren sarea osatzen duten igorpen-zentroak kontserbatu eta mantentzen dituztenak, hain zuzen ere, irrati eta telebista zerbitzuak eta komunikazio elektronikoko zerbitzuak hedatzeko eremu publikoan. Jardunaldi hau enpresa hornitzaileei zuzendutako etengabeko prestakuntza programa baten barruan sartzen da; kasu honetan, Itelazpiren politika korporatiboak jorratuko dira, zehazki, eremu hauetan:
- – Pertsonen segurtasuna eta osasunaren babesa
- – Ingurumenaren babesa eta horrekiko errespetua
- – Ondorio penalak izan ditzaketen enpresa-arriskuen kudeaketa
Jardunaldiaren hasiera
Itelazpiko zuzendari nagusia den Juan José Bañosek eman zion hasiera jardunaldiari eta bereziki aitortu zuen enpresa hornitzaileek egiten duten lana; izan ere, enpresa horiek Itelazpik bere jardueran bikaintasun-indizeak mantendu ahal izatea ahalbidetzen dute egunero egiten duten lanarekin. Halaber, Itelazpiko zuzendariak sozietatearen DNAren parte diren berebiziko konpromiso korporatiboak gogorarazi zituen; hortaz, adierazi zuen, enpresa hornitzaileek, ahal duten neurrian, konpromiso horiek ere bete behar dituzte, une bakoitzean ezartzen diren jarraibideak errespetatuz.
Prebentzioarekiko konpromisoaren aitorpena
Jardunaldiaren lehenengo atala ixteko, Eldu enpresa hornitzaileari aitortu zitzaion 2016-2017 ekitaldian Itelazpik ezarritako prebentzio-politikekiko izandako konpromisoa. Elduk oso eginkizun garrantzitsua dauka, hau da, Itelazpiren Bizkaiko eta Arabako igorpen-zentroetako instalazio elektrikoen mantentze-lanak burutzea. Itelazpiko zuzendari nagusia den Juan José Bañosek oroipen-plaka bat eman zion Iñaki Gorostizari, Elduko zuzendari kudeatzaileari.
Pertsonekiko konpromisoa: Pertsonen segurtasuna eta osasuna

Jardunaldiaren irakaskuntza-atalari ekiteko, pertsonen segurtasuna eta osasuna babesteari buruzko lehenengo hitzaldi bat egon zen. Previtek azkenengo urteotan prebentzioaren alorrean Itelazpi laguntzen duen kanpoko prebentzio-zerbitzu bat da eta, hain zuzen ere, horrek eman zuen lehenengo hitzaldi hori. Previtekek gogorarazi zuen Itelazpik eremu horretan egindako esfortzu handia; horri esker, 2007an lortutako OSHAS 18001 ziurtapena mantentzen da oraindik ere. Denbora horretan, sareko zentro guztietako arrisku-ebaluazioak egin dira eta 400 ikuskapen baino gehiago burutu dira. Previtekek sarbide-pistetan, telekomunikazio-dorreetan eta ekipamendua hartzen duten txaboletan burututako segurtasun-jarduketa nagusiak gogorarazi zituen. Neurri ukiezinei dagokienez, Previtekek azaldu zuen esfortzu handia egin dela barneko eta kanpoko prestakuntzan, baita enpresa-jardueren koordinazioari dagokionez ere.
Informazio gehiago hemen: www.itelazpi.eus/eu/gure-konpromisoak/pertsonekiko/laneko-segurtasun-eta-osasuna/
Ingurumenarekiko konpromisoa: Jasangarritasunaren erronka

Jardunaldiaren bigarren gaian, ingurumena izan zen protagonista. Horrez gain, nabarmendu egin zen Itelazpik esfortzu handia egin duela azkenengo urteotan ingurune naturalari itzultzeko horren gainean eragin dezakeen inpaktua. Izan ere, Itelazpik nahitaez garatu behar du bere jarduera ingurune naturalean. Eta ez soilik hobetzeko ikuspuntu batetik; izan ere, Itelazpik kudeaketa jasangarria burutu nahi du ingurumenaren alorrean. Horregatik, Itelazpik EMAS araudia betetzen du (Eco-Management and Audit Scheme, edo Ekokudeaketako eta Ekoikuskaritzako Araudi Komunitarioa). Itelazpiko ingurumeneko arduradunak eman zuen hitzaldi hori eta bertaratutakoei gogorarazi zizkien atmosferarako igorpenen, zaraten murrizketaren eta landarediaren babesaren alorrean hartzen diren neurri nagusiak. Azkenik, gogorarazi zen enpresa hornitzaileek eginkizun garrantzitsua dutela Itelazpiren ingurumen-politiken garapen egokian; horretarako, beharrezkoa da enpresa horiek erantzunkidetasun handia eta konpromiso irmoa edukitzea.
Informazio gehiago hemen: www.itelazpi.eus/eu/gure-konpromisoak/ingurumenarekiko/
Gobernu onarekiko konpromisoa: Arrisku penalak
Itelazpiren kudeaketa-arloko arduradunak azaldu zuen jardunaldian jorratutako azkenengo gaia. Gobernu ona eta gardentasuna sozietateak hartutako konpromisoen parte dira eta bere kudeaketan integratuta daude modu iraunkorrean. Kode Etikoa eta Betearazpen-politika UNE 19601 arauan oinarritutako Arrisku Penalak Kudeatzeko Sistemaren erdigunean daude; izan ere, azkenaldian ezarri da sistema hori eta sistemaren ikuskapenaren emaitza ona izan da. Hori guztia, pertsona juridikoen erantzukizun penala zehazteko 1/2015 Legeak ezartzen dituen betekizunekin bat etorriz. Kudeaketa-arduradunak azaldu zien bertaratutako pertsonei erantzukizun hori eragiten duten arrazoiak; horrez gain, delitu-arrazoitzat hartzen diren ekintza nagusien zerrenda eman zien. Azkenik, Itelazpik salaketak@itelazpi.eus kontuaren bidez abiarazitako salaketa-kanalaren berri eman zen.

Informazio gehiago hemen: www.itelazpi.eus/eu/gardentasuna/
Itelazpiko zuzendari nagusia den Juan José Bañosek itxi zuen jardunaldia eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei egunero sozietatearen politiketara egokitzeko egiten duten esfortzuagatik. Horrez gain, gogorarazi zuen, legezko betekizunik ez egon arren, beti mereziko duela urratsak ematea pertsonen eta ingurumenaren babesarekin eta kudeaketa garden eta erantzulearekin lotutako jarraibideak eta ekintzak abiarazteko.