Ekainaren 9 eta 10ean Telekomunikazio Instalatzaileen (FENITEL) XXXIII. Biltzar Nagusia eta horren inguruan antolaturiko jardunaldi teknikoak egin dira Bilbon. Jardunaldietan erkidegoetako ordezkari ezberdinek parte hartzeaz gain, Itelazpi Sozietate Publikoak ere parte hartu du.
Urteko biltzar orokorra Bilbon egin du Fenitelek. Ekainaren 9an egin da biltzarra EITBren Multibox Aretoan. 2010 urtean elkarteak aurrera eraman dituen ekimenen berri eman zaie biltzarreko parte hartzaileei.
Jardunaldi teknikoa ekainaren 10ean egin da, hau ere Bilbon EITBk duen egoitzan. Hasiera ekitaldian Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailburuak parte hartu du. Era berean bertan izan dira Roberto Sanchez, Industria Ministerioko Telekomunikazioen eta Informazio Teknologien Zuzendari Nagusia eta Antonio Mateos, FENITEL elkartearen Presidentea. Hasiera ofizialaren ostean, jardunaldi teknikoa osatzen duten mahai-inguruak, mintegiak eta hitzaldiak egin dira.
Lehen mahai-inguruaren izenburua ondorengoa izan da: “La Nueva Normativa ICT”. Estatuko ordezkariek eta instalakuntzaren arloko eta industria arloko eragileek parte hartu dute bertan. Mahai-inguruan IKTeen arautegi berria eta horrek eragindako ondorioak aztertu dira. Bigarren mahai-inguruan dibidendu digitalaren gaia aztertu da eta ezarpena, freakuentzien esleipen berria, kanal berrien sorrera eta dibidenduaren eraginez sortu diren negozio berriak jorratu dira. Mahai-inguruan Gonzalo Machin, Itelazpiko Zuzendariak parte hartu du. “La visión y los retos de las Comunidades Autónomas” hitzaldia eskaini du Machinek.
Etxe Digitala eta horren osaketak eta ezarpenak sorrarazi duena izan da hirugarren mahai-inguruko gaia. Azken mahai-ingurua instalazioak egiten dituzten enpresetan oinarritu da, horiek eskaintzen dituzten zerbitzuetan eta etorkizunean eskaini ahal izango dituztenetan.
Hispasaten, Eusko Jaurlaritzaren eta beste hainbat enpresen babesa izan dute Jardunaldi Tekniko hauek.