Itelazpi Sozietate Publikoak UNIRED Erkidegoetako Telekomunikazio Operadoreen Espainiako Elkartea zuzenduko du 2011 urtean. Gaur egun sei operadorek osatzen dute elkartea eta horientzat guztientzat bilgune eta lan egiteko leku izan nahi du
2006an sortu zen UNIRED elkartea. Hasierako urteetan lau operadorek osatzen zuten elkartea. Bost urte beranduago, elkartea zabaldu egin da eta bi ordezkari berri gehitu dira. Gaur egun erkidegoetako sei ordezkari ezberdinek osatzen dute UNIRED. Ondorengoak dira horiek: Axión (Andaluzia), Itelazpi (Euskadi), Retegal (Galizia), Telecom CLM (Gaztela Mantxa), Aragón Telecom (Aragoi) eta Multimedia (Balear Uharteak). Azken bi operadore horiek dira orain gutxi elkartean sartu direnak.
2011. urtean Itelazpik izango du elkartea zuzentzeko ardura eta bere helburua izango da elkarteari beharrezkoa den bultzada ematea, eta telekomunikazioen arloan Erkidegoentzako erreferente izatea. Izan ere, azken urteetan telekomunikazioen arloak garrantzia handia izan du, besteak beste, LTDa, Dibidendu Digitala eta Europa 2020 Agenda Digitala bezalako gaiekin.
Elkarteko kideen interes komunak defendatu nahi ditu UNIREDek. Era berean, parte hartzaileen arteko elkarlana bultzatzeko biltoki eta topaleku ere izan nahi du.Horrela, kideen ezagutzak, ardurak eta proiektu ezberdinetan lorturiko esperientziak partekatu ahal izango dituzte. Komunikazio horren ondorioz, enpresak modu egokian kudeatzeaz gain, inbertsioak txikiagotu ahal izango dituzte eta ekintzek sorturiko kosteak gutxitu ahal izango dituzte kideek. Elkartearen beste helburuetako bat da kideek garatzen dituzten proiektuak partekatzeko lan-plataforma batean bilakatzea, horrela, garatzen dituzten proiektu pilotuak kide guztien mesederako izango dira. Etengabeko hobekuntza bultzatuz, bikaintasunaren alde egiten da eta kostuak txikiagotzeaz gain, telekomunikazioen azpiegituren eraginkortasuna lortzen da.
Elkartean parte hartzen duten operadore guztiek dute neurri handiagoan edo txikiagoan bere erkidegoko parte hartze publikoa. Telekomunikazioen arloan erkidegoek askotan izaten dituzten arazoez ohartuta, UNIRED Autonomia Erkidegoentzako eztabaida foro egonkor bat sortzeko aukera bultzatzen ari da. Telekomunikazioen arloan egin beharreko proiektuen garapen eta ezarpenean parte hartu, iritzia eman eta elkarrekin lan egitea ahalbidetuko die foroak eta horrela, eskuduntza horietarako irizpide berdinak eta koordinatuak sortzen lagundu ahal izango die foro horrek.
Telekomunikazioen arloak bizi duen egoera kontuan izanik, elkarteak bere kideentzako Elkarlan Ataria sortu du. Lau talde osatu dira guztira eta horien bidez kide bakoitzak bere egunerokotasunean izaten dituen gaien inguruan komunikatuta eta informatuta egon nahi da. Sortu diren taldeak ondorengoak dira: Zuzendaritza, Broadcast, TETRA eta Garraio Sarea. Horietan guztietan enpresa erakunde ezberdinek parte hartzen dute eta informazioa partekatzeaz gain, irizpideak eztabaidatzen dira eta esperientzia teknikoa ezagutzera ematen da.