- • Itelazpik modu aktiboan jarduten du naturagune garrantzitsuen alde, bere jarduerak eragiten duen inpaktua konpentsatze aldera.
- • Atzo sinatutako hitzarmenari esker, Itelazpik urruneko eta orografia konplexuko tokietan telekomunikazio zerbitzuak emateko gaitasuna baduela ezagutarazi ahal izango da.


Azaroaren 27an, Itelazpiren Zamudioko egoitzan, Asociación Cultural MendiFilm Festival Elkarteko (hemendik aurrera, MendiFilm Festival) presidente Enrique Martinezek eta Matxalen Lauzirika Itelazpiko zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten mendizaletasunaren kultura eta mendizaletasuna bera indartzeko helburuarekin.
MendiFILM Festival jaialdiarekin sinatutako lankidetza akordioari esker, Itelazpik bi ekintza ardatz nagusiri balioa eman ahal izango die:
- – Ingurumena babesteko duela hainbat urte egiten duen lan handia, batik bat, enpresaren emisio zentroak kokatzen diren naturaguneetan: basoberritzeak, espazioak aisialdirako berreskuratzea, sastrakak kentzea, sarbideen mantentze lanak, hondakinak kudeatzea.
- – Itelazpiren gaitasuna urruneko eta orografia konplexuko guneetan telekomunikazio zerbitzuak emateko, EAEn erabateko estaldura duen irrati-komunikazioko sare publiko baten bitartez. Sozietate publikoa den aldetik, zerbitzu horiek eskaintza komertzialaren osagarri izaten dira eskaintza hori erabilgarri ez dagoenean; hartara, teknologiaren unibertsalizazioaren printzipioa egia bihurtzen da.
Itelazpik lehendik ere uztartzen ditu bi ekintza ardatz horiek EMF Euskal Mendizale Federazioarekin sinatutako lankidetza hitzarmenean; hitzarmen horren bitartez, TETRA terminalen pakete bat lagatzen du denboraldi bakoitzean, mendi martxa luzeak kontrolatzeko. Mendi FILM Festival jaialdiarekin elkarlanean jardunda, beste erabilera batzuk identifikatu eta sustatu ahal izango dira mendizaletasunaren arloan.
