
Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak betebehar berriak ezartzen ditu bereziki babestutako informazioaren tratamenduan. Erregelamendua 2016ko maiatzaren 25etik dago indarrean eta, bi urte geroago, orain nahitaez bete beharra dago.
Azkenengo hamarkadetan, teknologia berriek etengabeko aurrerapena izan dute eta, hortaz, zehatzago arautu behar izan dira bilakaera teknologiko horretatik eratorritako zenbait alderdi, besteak beste, pribatutasuna eta datuen babesa.
Gaur egun, Interneten eta sare sozialen erabilera gizarteratu da; datuen azterketa aurreratua egin daiteke eta Gauzen Internet gorantz ari da. Horregatik guztiagatik eta, beste faktore batzuengatik, erabiltzaileek eta enpresek elkarrekin komunikatzeko modua guztiz aldatu da eta, horrez gain, erosteko edo harremanetan egoteko moduek ez daukate zer ikusirik 90eko hamarkadakoekin.
Horrenbestez, Datuak Babesteko Europako Erregelamendu berriak gaur egungo teknologiara egokitzen den pribatutasun-araudi baten oinarriak ezarri nahi ditu.
Itelazpik telekomunikazioen sektorean jarduten du eta hori, batetik, eremu teknologikoak bizitzen ari diren aldaketa-zurrunbiloaren menpe dago eta, bestetik, “erabakigarri” gisa sailkatutako azpiegiturak kudeatzen dituzten hamabi sektore horietako bat da.
Beraz, Itelazpik ezin du erregelamendu berri hau alde batera utzi; hori dela-eta, betekizun berriak betetzeko beharrezko prozesua burutu du jadanik. Sektore publikoko eragile gisa, konpromiso irmoa daukagu indarreko legezkotasuna betetzearekin eta jakin badakigu, arriskuen kudeaketarekin batera, gobernu arduratsu baten oinarrietako bi direla.
