Justizia eta Herrizaingo Legebiltzarraren Batzordeko kideek Itelazpi Sozietate Publikoaren instalazioak eta Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio-sareko hainbat errepikagailu bisitatu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren elkarte publikoa da Itelazpi. Irailak 23ko 215/2003 Dekretu bidez sortu zen eta ondorengo helburuak ditu: irrati- eta telebista-seinaleak garraiatu eta hedatzeko zerbitzuak ematea, batez ere EiTB euskal erakunde publikoari dagozkionak; komunikazio azpiegitura publikoak kudeatzea eta hirugarrengoei aterpe-zerbitzua eskaintzea; euskal administrazio publikoei TETRA komunikazio-zerbitzuak ematea; landa inguruetan banda zabaleko azpiegiturak hedatzea; sektore publikoari komunikazio-gaietan aholkularitza-zerbitzuak ematea.
Justizia eta Erakunde Publikoetako Sailburuak Itelazpiren instalazioak bisitatzeko gonbitea luzatu zien Justizia eta Herrizaingo Batzordeko kideei. Bisita 2011ko maiatzaren 4ean egin zen. Batzordekideek Herri Administrazioko Sailburuordearen eta Itelazpiko Presidentearen laguntza izan zuten Itelazpik Zamudioko Teknologia Parkean dituen bulegoetara egindako bisitan.
Jardunaldian erakundearen sorreraren arrazoia azaldu zitzaien parte hartzaileei, baita horren inguruan Europako eta Espainiako legeak ezartzen dituen legezko eskakizunak ere. Eusko Jaurlaritzak honi guztiari buruz zehazturik dituen mandatuak ere ezagutarazi ziren. Era berean, eguneroko lanean jarraitzen diren negozio-bideak ere azaldu ziren.
Bulegoetara bisita egin ondoren, batzordeko kideek eta Itelazpiko zenbait langilek maila ezberdineko hiru telekomunikazio-errepikagailu ikusi zituzten. Lehenik eta behin Muxika Txakaleko errepikagailua bisitatu zuten, hori baita sarea osatzen duten errepikagailu txikienetako bat. Ondoren, Muxika Ibarruri zentroa bisitatu zuten. Gobernuaren sarea osatzen duten errepikagailu gehienak horrelakoak dira..
Azkenik, batzordeak, Oiz Mendiko errepikagailua bisitatu zuen. Sareko errepikagailu garrantzitsuenetakoa da hori. Bertan, gure etxeetara heltzen den telebistako seinalearen zabalkundearen nondik-norakoak azaldu zitzaizkien, baita TETRA komunikazio-zerbitzuaren “sekretuak” ere. Horrez gain, Landa-Inguruetako Banda Zabalaren inguruko informazioa ere eman zen.
Errepikagailu batek behar dituen azpiegitura fisikoen azalpena ere eman zitzaien batzordekideei. Hala nola, errepikagailuetara heltzeko behar diren pistak, etxolak, dorreak, hesiak…. Behar horiez gain, beste behar batzuk ere izaten dituzte errepikagailuek, energiari dagozkionak adibidez. Itelazpik bere zerbitzua behar bezala eskaini ahal izateko goi-tentsioko lineak, elektrogeno taldeak, transformazio-zentroak…. behar ditu.
Eguna amaitu zenean Itelazpiren bulegoetara itzuli ziren parte hartzaile guztiak,handik bakoitza bere jatorrira itzultzeko.