
Nazio Batuen Erakundearen “Momentum for Change”, ekimenaren baitan eta Parisko Hitzarmenaren ildo beretik, klima-aldaketari buruzko nazioarteko konferentzian, Change the Change izenekoan, planetak aurrean duen klima-aldaketaren erronken ikuspegi abangoardista eskaini da eta gure ingurua eraldatzen ari diren ekimenak eta ekintzak aurkeztu dira.

Martxoaren 6tik 8ra Donostian egin da Change the Change konferentzia, eta bertan izan da Itelazpi. Matxalen Lauzirika zuzendari nagusia eta ingurumen-arloko arduraduna joan ziren, Itelazpik bere jarduna hartzen duten inguru naturalak babesteko hartutako konpromisoaren erakusgarri gisa.
ASTEKLIMAren baitan egin da konferentzia, Euskadik klima-aldaketari eskainitako lehenengo astearen baitan, alegia. Martxoaren 1etik 10era egin da ASTEKLIMA, Euskadiko toki desberdinetan, eta jende guztiarentzako jarduerez beteriko egutegi zabala izan du. Herritarrak klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa hartzera animatzea izan da helburu nagusia, premisa honekin: edozein ekintzak, txikia delarik ere, garrantzia du.