Itelazpi Sozietate Publikoak energia hibridoa erabiliz funtzionatzen duen lehen telebista errepikagailua abian jarri du. Zentroa Lasturreko harenean kokatuta dago, Debako udalerrian hain zuzen ere, eta energia alternatiboak eta elektrikoa uztartzen dira errepikagailu berrituan.
Otsailaren 3an jarri zen abian energia sistema hibridoa duen errepikagailua. Hilabete inguru behar izan du Itelazpik zentroa atontzeko eta beharrezkoak diren elementuak ezartzeko. Azpiegitura berriak ezartzeaz gain, Itelazpik aurretik jada zegoen azpiegitura, panelak esaterako, ere erabili ditu. Horrela, konexioak berriz konfiguratu ditu, sare elektriko berria ezarri du eta garbiketa-lanak egin ditu, azpiegituran zengoen hezetasuna kentzeko.
38 panel ditu Lasturreko errepikagailuak, horietako 20 75 Wp 1500 Wp sistemakoak dira eta 18 150 Wp 2700 Wp sistemakoak. Horiek guztiak aurretik zegoen azpiegiturako zati dira. Erregulazio-sistema, berriz, 120 A eta MPPTkoa da. Eguzki-panelak erabiltzeaz gain, berezko erregulazioa duen 300 Wko aerogeneradore berria ere ezarri da. Azpiegituran jarri den 1260 Ahko GEL bateria-sorta ere berria da, 4500 Wko inbertsore-kargadorea bezala. Azkenik, aipatu, 220 Vko linea bat arduratzen dela badazpadako kasuetan energia eskaintzeaz. Linea hori beharrezkoa den larrialdi kasuetan soilik erabiliko da, hau da nahikoa energia sortzen ez denean eta bateriak nahikoa ez direnean.
Itelazpitik adierazi dutenez, errepikagailuaren funtzionamendua arrakastatsua izaten ari da. Lehen astean, errepikagailuan bertan sortu den energia soilik erabili da eta ez da bateria eta sare elektrikoaren beharrik izan. Zenbait momentutan, gainera, behar baino energia gehiago sortu du eta gehiegizko energia zegoenez, aerogeneradorea itzali behar izan da.
Ingurumenaren arloan egiten ari den ekimenen baitan jarri du abian Itelazpi Sozietate Publikoak errepikagailu hau. Ekimena Energiaren Euskal Erakundearekin EVE eta Ingurumena kudeatzeko Sozietate Publikoarekin IHOBE elkarlanean egin da.