Dibidendu digitala askatzeko aurrera eramaten ari diren prozesuaren baitan, datorren martxoaren 1ean espektru erradioelektrikoaren berrantolaketa berria gauzatuko da. Data horretan hainbat operadorek gaur egun duten multiplexa utzi beharko dute eta Industria Ministerioak adierazitakoan aritu beharko dira.
Industria Ministerioa dibidendu digitala askatzeko egiten ari den planaren barnean egingo da espektro erradiolektrikoaren berrantolaketa. Martxoaren 1ean gauzatuko den ekintza planaren lehen faseari dagokio eta 66 multiplexean aritzen diren operadoreengan izango du eragina. Ministerioak zehaztu duen datatik aurrera 66 multiplexa bertan behera geratuko da eta operadore guztiak 67, 68 eta 69 kanaletan bilduko dira. Aldaketaren ondoren opoeradore guztiek herritarren %98ko kobertura lortu beharko dute gutxienez.
Aldaketa honek 7 telebista kanalengan eragingo du. Ondokoak dira horiek: Veo7, Intereconomia TV, AXN eta Gol Television. Horrez gain, oraindik ere zehaztu gabe dauden beste hiru kanalei ere eragingo die. Horiek Cuatro, Telecinco eta Antena 3ko kanalak dira.
Aldaketa berri hauek egiteko ez da antenak moldatu beharrik izango, jada kanal horiek hemendik aurrera erabili behar izango duten multiplexean lanean ari baitira. Gainera, telebista eta deskodetzaile askok sintonizazioa beraien kabuz egiteko aukera dute, eta hori dela eta, erabiltzaile gehienak ez dira aldaketarekin ohartuko.
Plan horren bigarren fasea udan egingo dela aurreikusi da, data oraindik zehaztu gabe dagoen arren. Bigarren fase horretan, espektroa askatzeko 3 sare berri jarriko dira abian. Berrantolaketa honen guztiaren helburua 800 Mhztako sarea aske uztea da, hau da, 61 eta 69 kanalak aske uztea. Libre geratzen den espektroa, dibidendu digitala bezala ezagutzen dena, telekomunikazio zerbitzuetarako erabiliko da etorkizunean.