Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak jakinarazi duenez, Industria Ministerioak Gobernu foralari bigarren multiplex bat izateko onarpena eman dio. Horri esker, Nafarroan ETB LTD bidez emititzeko aukera izango dute. Beraz, itzalaldiaren ostean nafarrek ETB ikusteko aukera izaten jarrai dezaten, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuaren artean adostasuna lortzea falta da.
Bigarren multiplex hau LTDko emisioetarako kate berriak izatea ahalbidetuko duen azpiegitura da; ETBk beharrezkoa du Nafarroan emititu ahal izateko, lehenengo multiplexaren kateak dagoeneko beste telebista batzuek erabiltzen dituztelako.
Horregatik Elma Saiz, Gobernuaren ordezkariak komunikatu baten bidez azpimarratu du erabaki honekin Espainiako Gobernuak berari dagokion lana bete duela eta orain “erakundeen arteko elkarrizketaren” txanda dela, Nafarroako eta EAEko gobernuen artean hitz egin behar dutela LTD bidez ETB Foru Erkidegoan emititzearen inguruan.
Horren harian, ETB Foru Erkidegoan LTD biez emititzeak izango duen kostuaren inguruko akordio bat lortu dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Opnatel telekomunikazioen Nafarroako enpresa publikoaren kalkuluen arabera, urtean 993.000 euro ordaindu beharko dira hamar urtetako epean gastuak amortizatzeko.
Orain oztopoa gastuak nork ordaindu behar dituen da; Eusko Jaurlaritzak bakoitzak % 50 ordaintzea proposatu du, baina Miguel Sanz Nafarroako presidenteak esan du Foru Erkidegoak ez duela “euro bat ere” ez ordainduko.
Sanzek gaineratu duenez, bere arrazoia da beraiek direla “Nafarroan emititu nahi dutenak, ikusle gehiago izango dituztenak eta, horri esker, publizitate merkatu handiagoa eta diru sarrera gehiago izango dituztenak”.
Beraz, orain bi gobernuen artean gai ekonomikoen inguruan egiten dituzten negoziazioetan akordioren bat lortzea falta da itzalaldi analogikoaren ostean euskal telebista Nafarroan ikusi ahal izateko.