Europako telekomunikazio operadore garrantzitsuenek Interneteko abiadura handiko sare berriak zabaltzeko asmoa dute. Horrela adierazi dute guztiek, nahiz eta garbi utzi, hori aurrera eramateko ekonomikoki bideragarria izan behar duela ekimenak eta lege-esparruak zehaztuta egon behar duela. Operadoreen aburuz, azken puntu hori garrantzitsua da, lege-esparruak abiadura handitzeko egin behar diren inbertsio handi eta arriskutsuak sustatuko baititu.
Adierazpen hauek Bruselan egin dituzte operadoreek, Europar Batasuneko Agenda Digitalari buruz egindako hitzaldian. Bruselan egin da hitzaldi hori eta Europako Telekomunikazio Operadoreen Elkarteak antolatu du.
Jardunaldian parte hartu duten operadoreek Neeli Kroes Europa Batasuneko presidente ordearekin eta Agenda Digitaleko zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan dute. Jardunaldiaren amaieran, parte hartzaile guztiek helburu eta ideia bera adierazi dute: indarrak batu behar dira Europako biztanleek Internetera duten sarrea hobetzeko eta zabaltzeko.
Interneteko abiadura handitzeko lanean, operadoreek argi eta garbi azaldu dituzte gaur egun dituzten beharrak. Horien artean nabarmentzekoa da lege-esparruaren zehaztapena egitea, horri esker sektoreak aurrera eraman beharreko inbertsio handi eta arriskutsuak sustatuko baitira. Horrez gain, operadoreak prest agertu dira erakunde publikoekin batera elkarlanean aritzeko. Lan horren helburua Internet urrunen dauden nekazal guneetara zabaltzea da eta modu horretan biztaleen artean sor daitekeen “haustura digitala” ekiditea da.
Operadoreek gaineratu dute ekimen hauetan duten parte hartzea oso garrantzitsua dela. Izan ere, modu horretan sareen segurtasuna bermatu daiteke eta baita herritarrek Interneten egiten duten erabilera arduratsuagoa eta seguruagoa bultzatu.