Sarearen neutraltasuna eta horrek duen “izaera irekia” mantentzeko gardentasun handiagoa eta eskaintzen diren zerbitzuen kalitatea errespetatzea eskatu du Europako Batasunak. Neeli Kroes Batzordeko lehendakariordeak eta Agenda Digitaleko titularrak egin du eskaera eta telekomunikazioen alorrean Europar Batasunaren esparru erregulatzailearekin loturik dago.
Europar Batasunak 2009an onartu zuen telekomunikazioetako Europako esparru erregulatzailea. Esparru horretan, besteak beste, sarearen neutraltasuna defendatzen da. Kroesek 2011ko maiatzera bitarteko denbora eskatu du herrialdeek esparruaren defentsa egiteko. Horrela, denbora bitarte horretan “arau berriek funtzionatzen duten edo ez” ikusi ahal izango da. Hala ere, baieztatu du, arazoek jarraitzen badute, legea moldatzea proposatuko duela eskumena indartzeko.
Kroesen aburuz, sare eta zerbitzuen operadoreek eta edukien hornitzaileek negozio eredu berritzaileak aztertu behar dituzte sarea modu egokiagoan erabili ahal izateko. Era berean, eta horri esker, Interneteko maila ezberdinetan negozio eredu eta aukera berriak sortu ahal izango dira. Hori dela eta, Kroesek diru-laguntzak ez murrizteko garrantzia azpimarratu du.
Neutraltasunari eta sarearen izaera irekiari dagokionez, Europar Batzordeko lehendakariordeak leku eta aplikazioen blokeo kasuak onartu ditu. Era berean, esan du zenbait aplikazio erabiltzeagatik zordunketak ere badaudela. Kroesek dio egoera horrek arazoak sortzen dituztela, kontsumitzaileak ez baitaude behar bezala informatuta eta ez baitute modu horretako ekintzak egiten ez dituzten beste banatzaile batera aldatzeko aukerarik.
Sarearen neutraltasuna azpimarratzeaz gain, Europako legeen beste atal batzuk ere nabarmendu ditu Kroesek. Legearen arabera, erregulatzaileek gutxieneko kalitatea eskaini behar dute on-line bidezko zerbitzuak ez degradatzeko eta operadoreek kontsumitzaileak informatu behar dituzte egiten duten trafikoaren kudeaketaren inguruan.
Eurokamaran egin du eskaera Europar Batzordeak, Interneteko neutraltasunaren oinarriei buruz egin den bileran. Oinarri horien arabera, erabiltzaileek sarean nabigatu dezakete, bertako informazioa kontsultatu eta aplikazioak eta zerbitzuak erabili. Bilera horretan, batzordeko ordezkariez gain, telekomunikazioetako operadoreek, zerbitzu-hornitzaileek eta kontsumitzaileek ere parte hartu dute.