
Joan den ekainaren 2an, Eneko Iradier Gilek, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzan graduduna, Gradu Amaierako Lan Onenaren 2017ko Saria jaso du; hala, sariaren 8. Edizioa ospatu da aurten. Saria emateko ekitaldia Eskolako Graduen Aretoan egin zen eta ekitaldira Itelazpiko zuzendari nagusia den Juan José Baños eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendaria den Enrique Amezua joan ziren. Horiek hitzaldi labur bat eman zuten eta bertaratutakoei azpimarratu zieten Itelazpik eta unibertsitateak baterako konpromiso bat dutela eta horren helburua dela gazteen ekimenak, ikerketa zientifikoa eta berrikuntza sustatzea. Horretarako, paper erabakigarria izango dute gazteen prestakuntzan eta komunikatzeko eta hedatzeko gaitasunean.
Saria 1.500 eurokoa da eta Itelazpiko zuzendari nagusiak eman zion irabazleari; zuzendariak irabazlea zoriondu zuen eta saria amaiera bat bezala ez ikustera animatu zuen. Hala, esan zion saria ikerketaren munduan ibilbide bat hasteko abiapuntutzat hartzeko, oso beharrezkoa dena etorkizuneko segmentu batean murgilduta gaudenontzat.
Aurkeztutako azterlanak ondorioztatu du ordenagailu eramangarriak, tabletak eta beste gailu elektroniko mugikor batzuk eraginkorrak izan daitezkeela eta zerbitzu gehiago eta kalitate handiagoa eskaini ditzaketela LDM (Layered Division Multiplexing) teknologia berria erabiliz. Iradier santurtziarra da eta 24 urte ditu; bere proiektuan, LDM teknologia berria LTE teknologiarekin alderatu du, gaur egun zerbitzuak taldekatzeko tekniketan erabiltzen den teknologia eta jadanik laugarren generaziotik doana, hau da, 4G deitu ohi duguna. Bere lanak erakutsi du LDM teknologia erabiltzeak kalitate handiagoa bermatzen duela gailu mugikorretan aldi bereko zerbitzuak ematean, baita kalitate eta eraginkortasun gehiago ere zerbitzuen taldekatzean.
Iturria: UPV/EHU