Ministroen Kontseiluak Telekomunikazio Azpiegitura Komunen Arautegia (IKT) onartu du. Araudi horri esker, eraikin berrietan sarbide-sare azkarrak ezarri ahal izango dira. Sare horieik 100 Mbit baino gehiagoko abiadura eskaini ahal izango da.
Eraikitzen diren eraikin berriek telekomunikazio azpiegiturak eta ekipamenduak gordetzeko esparru bat izan beharko dute. Ministroen Kontseiluak onartu berri duen araudian jasotzen da IKT bezala ezagutuko den araua. IKTeei esker, eraikin berrietan kanalizazioak egingo dira, eta kableentzat beharrezkoak diren elementuak ezarriko dira eraikinaren kanpoko aldean eta barneko aldean. Kable ardazkidearentzako, kobrearentzako eta zuntz optikoarentzako elementuak ere izango dituzte, eta irrati eta telebista bidezko seinalea jasotzeko antenez hornituta egongo dira. Elementu hauei esker, operadoreek nahikoa izango dute eraikinaren ateraino sarea zabaltzea, ondoren IKTeekin lotu ahal izateko.
Europako Agenda Digitalak dituen helburuen barnean kokatuta dago araudi hau eta LTDaren ezarpenaren ondoren sortu den egoerara moldatu da. Gainera, Etxe Digitalaren kontzeptua garatzeko elementuak jasotzen ditu eta erabiltzaileei abantailak eskaintzen dizkie.
Araudi berriaren ondorioz, azpiegitura eta zerbitzu berrien beharra sortu da. Operadoreak jada lanean ari dira behar horiei erantzuna emateko eta Interneterako sarbide-sare azkarra eskaintzeko azpiegiturak zabaltzen ari dira. Horri esker, NGA (Next Generation Acces) sareak zabaldu ahal izango dira eta segundoko 100 Mbit baino gehiagoko abiadura eskainiko dute.
Espainiako Gobernuak azaldu duenez, azpiegitura berrien zabalkundeak ekonomia eta lana suspertuko ditu. Operadoreek zerbitzu hauek eskaintzeko urtero 2.500 milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten dute eta langileak kontratu beharko dituzte teknologia berriak zabaltzeko. IKTeek 20.000 lanpostu berri sortuko dituztela aurreikusten da.
Arautegi berria telekomunikazio arloko agenteekin batera egin da eta Espainiako Sustatzaile eta Eraikitzaileen Elkarteari beharrezkoa den informazioa igorri zaio. Arau berriari esker, Europar Batasunean helburu hauek ezarri dituen lehen herrialdea da Espainia.