Itelazpi Sozietate Publikoak Telekomunikazioen Museoa sortu du Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean. Bertan, EITBk hainbat urtez telebista eta irrati seinalea zabaltzeko erabili dituen ekipamendu analogikoen hainbat elementu bildu dituzte.
2010ean Lurreko Telebista Digitala ezarri ondoren, telebista analogikoa zabaltzeko erabilitako ekipo eta osagaiak erabilpenik gabe geratu dira. 28 urtez, EITBk telebista eta irrati emanaldiak seinale analogikoa erabiliz igorri ditu, eta horretarako erabilitako ekipoak Telekomunikazio Museoan ikusgai jarri ditu orain Itelazpik. Erakusketan, seinale horiek igortzen dituzten zentroetan azken urteetan egon den integrazioa ikus daiteke.
Itelazpik bildu dituen piezen artean, huts-balbula bidezko anplifikadoreak, erresonantzia-barrunbeak eta 6.000 volt arteko tentsioa dutenak, eta transistoredun anplifikadoreak, askoz txikiagoak eta 380 voltetik beherako indarrarekin dabiltzanak (arrisku txikiago dute, beraz) daude. Iragazki, barrunbe eta transmisio-lineak ere bildu dituzte.
Sistema analogikoan erabilitako transmisio elementuez gain, kodetze digitalari zuzenduriko atala ere badu erakusketak; izan ere, EITBk beti izan ditu azken aurrerapen teknologikoak. EITB Euskal Irrati Telebistak 1990etik digitalean kodetzen eta eramaten ditu bere seinaleak zentro igorleetara. Urte hartan, segundoko 140 Mb behar ziren bideo bat kodetzeko. Teknologia arloan izandako aurrerapenei esker, egun segundo bakarrean 5 Mb konprimitu daitezke broadcast kalitatean, eta hori egiteko ekipoak aurrekoak baino askoz txikiagoak dira; haien laurdena hartzen du.
Bertan bildutako piezen artean, huts-hodi bidez doitze-grafikoa egiteko joan den mendearen erdialdean Chicagon asmatu zuten sorgailu bat dago. Manuel Rial Vazquezek utzi du pieza hori.
Museoa transmisio analogikoak egiteko erabilitako elementuen erakusketa bat besterik ez da. Elementu batzuk (Oiz, Ganeta, Jaizkibel eta Zaldiaran mendietan zeuden telebista ekipo analogikoak, esaterako), baina, ezin izan dituzte gorde, oso handiak baitziren.