Telekomunikazioen Merkatu Batzordeak Espainian ezarri nahi den mega bateko banda zabal unibertsalaren zerbitzuaren inguruko txostena egin du. Bertan jasotzen denez, abian jarri nahi den zerbitzuak izan duen urte bateko atzerapena ez da nahikoa izango horren inguruan sor litezkeen arazoei erantzuna emateko.
TMDak Industria Ministerioari igorri dion txostenean jasotzen denez, banda zabal unibertsalaren zerbitzuan izango den urte beteko atzerapena ez da nahikoa izango zerbitzuaren inguruan sor litezkeen arazoei erantzuna emateko. Prozesuaren inguruan egiten ari diren lege-prozesuak ez direla garaiz amaituko uste du Batzordeak, are gehiago kontuan izanik oraindik hasi ez diren lege-prozesuetan ezaugarri berriak gehitu direla eta horien amaiera aurreikustea ezinezkoa dela.
Batzordearen aburuz, zerbitzuaren ingurunea eginda dagoenean zehaztu beharko lirateke instalakuntzak aurrera eramateko denborak. Dirudienez, 2012 urtetik aurrera izango litzateke hori. TMDak uste du, gainera, prozesua presarik gabe eta modu egokian burutu beharko litzatekeela.
Txostenean zerbitzua eman ahal izateko egin den eskaintza ere kritikatu du Batzordeak. Hiru hilabeteko epea ezarri da eskaintza horretan, Batzordearen aburuz “epe laburregia”. Instalakuntza egokia eta lehiakorra egiteko denbora gehiago behar dela uste du elkarteak.
Arazo hau konpontzeko eta eskaintzarako eremu egokia sortzeko, Telekomunikazio Merkatu Batzordeak ezinbestekotzat jotzen du ekimeneko partaide guztiak biltzea eta horien bidez kontsulta publikoa egitea. Horretan jasoko lirateke besteak beste lurraldekotasun arloak, zerbitzuak eskaintzako paketeak edo eta prezio egokiaren eskaria. Prozesua aurrera eraman ahal izateko ikerketak eta kontsultak egiteak denboran luzatzea eragingo luke.
Espainiako Gobernuak ez du bete banda zabal unibertsalaren inguruan agindu zuena. 2011 urtearen hasieran mega bateko banda zabala ezarriko zuela iragarri arren, aurreikuspenak ez ziren bete, eta zerbitzua urte bereko abenduaren 31ra atzeratu da.