

- Xabier Zubiaur Itelazpiko zuzendari nagusiak izan du saria emateko ardura, eta ekitaldian beste lau enpresa erreferentek ere parte hartu dute.
- Saritutako lanak 5G sareetan Edge aplikazioen hedapenerako eredu bat garatzen du.
Ekainaren 17ko goizean ospatu ziren UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak urtero antolatzen dituen Enpresa Sariak, 2024-2025 ikasturteko Gradu Amaierako Lan (GRAL) edo Master Amaierako Lan (MAL) onenak aitortzeko helburuarekin. Itelazpik, beste lau enpresekin batera (Fundación Repsol, ITP Aero, Management Solutions eta TradeWind Tankers), Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritzaren arloko Master Amaierako Lanik onenari saria eman zion. Xabier Zubiaur, Sozietate Publikoko zuzendari nagusiak, Iker Costa Fernández de Luco ikasleari entregatu zion saria. Bere hitzaldian, Zubiaurrek saritutako lanaren kalitatea nabarmendu zuen, baita aurkeztutako gainerako lanen eta ikasleen espediente akademikoen maila altua ere. Halaber, tutoreen laguntza eta orientazio lana balioan jarri nahi izan zuen, eta ekimen honen garrantzia eta STEM arloko karreretan talentua aitortu eta erreferenteak sortzeko beharra azpimarratu zituen.
Saritutako MALa: Edge aplikazioak 5G inguruneetan
Itelazpik lehen saria eman dion lanak 5G sareetan Edge aplikazioen hedapena ahalbidetuko duen eredu bat garatzea du helburu. Funtzionalitate hau funtsezkoa da latentzia oso handiak eskatzen dituzten erabilera‑kasuetan. Edge aplikazioek erabiltzaileari edo azken gailuari aplikazioa hurbiltzen diote, konexioaren latentzia nabarmen murriztuz eta erabilera-esperientzia hobetsiz.
Lankidetza-hitzarmena eta Gizartearekiko Konpromisoa
Itelazpiren parte-hartzea Bilboko Ingeniaritza Eskolaren Enpresa Sarietan duela ia hogei urte bi erakundeen artean sinatutako lankidetza-hitzarmenaren baitan kokatzen da. Hitzarmen horri esker, ikasleek Itelazpin praktikak egiteko aukera dute, emisio-zentroen sareko instalazio bat bisitatu dezakete eta ikerketa-lanak garatu. Hezkuntza-zentroekin elkarlanean aritzea Itelazpik Gizartearekiko Konpromisoaren esparruan dituen jardun-ildo nagusietako bat da.




