
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren enkargu berri bati esker, sareko estazioetatik Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren sistema zentraletara datuak transmititzeko zerbitzuari jarraipena emango zaio.
Itelazpik Eusko Jaurlaritzaren sare hidro-ozeano-meteorologikoko eta kalitate-sareko estazioek jasotako datuak transmititzeko komunikazio-zerbitzuak eskaintzen jarraituko du. Informazio hori baliagarria da Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak egiten dituen meteorologia zaintzeko eta iragartzeko lanetarako. Agentzia Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikita dago.
Enkargu berria Segurtasun Saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez formalizatu da. Enkarguak estazioen eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren zerbitzari zentralaren arteko konektibitatea jasotzen du, baita informazioa modu seguruan transmititzeko garraioaren eta tunel birtualen konfigurazioa ere.
Soluzioak lehentasuna ematen dio Itelazpik ustiatzen eta mantentzen duen TETRA sare publikoaren erabilerari. Instalazio bakoitzaren banda-zabalera beharren arabera, zerbitzuak 4G konexio mugikorrak eta irrati-lotura propioen bidezko soluzioak ere aurreikusten ditu.
Ibilbide luzeko lankidetza
Itelazpik meteorologia-sarearen komunikazioetan duen lankidetzak 2006ko hitzarmenean eta, ondoren, estazioen konektibitatea berritzeko sinatutako eranskinean du jatorria. 2015ean, kudeaketa-gomendio baten bidez, datuak zerbitzari zentraletara transmititzeko zerbitzuari jarraipena eman zitzaion, soluzio propioak eta beste operadore batzuen zerbitzuak uztartuz.
2026ko enkargu berriak lankidetza horri jarraipena ematen dio, eta konexio-soluzioak nahiz zerbitzua emateko eta haren jarraipena egiteko baldintzak zehazten ditu.
Partekatutako azpiegitura publikoak
Itelazpik bitarteko propio pertsonifikatu gisa ematen ditu zerbitzu horiek. Izaera horri esker, Itelazpi bitarteko propiotzat duten erakunde publikoek beren jarduera-eremuaren barruko lanak enkargatu diezazkiokete.
Eredu horri esker, meteorologia-sarearen komunikazio-beharrei erantzun dakieke, partekatutako azpiegitura publikoak baliatuz eta konektibitate-soluzioak instalazio bakoitzaren eskakizunetara egokituz




